Helburua beteta (65-61)

img
Xabi Oroz: 8 puntu / 7 errebote / 11ko balorazioa

Marinek galdu egin du Azpeitian. Nahiz eta bere bi jokalari onenak gabe etorri den, saskibaloi asko duen taldea dela erakutsi du. Sammic bigarren izango da ligan eta helburuak betetzen jarraitzen du. Egun historikoa klubarentzat positiboki eta negatiboki: 26/0 hirukotan!!! … hamaika ikusteko jaioak gara ba!!!

Gogo-berotasun handirik gabe, Baina Sammic agintzen hasi zen markagailuan. Nahiz eta defentsan bikain ibili ez,nahikoa lan ona egin zuten eta errebotea kontrolpean eduki zutenez jokoaren kontrola euren esku eduki zuten. Marin erlaxaturik irten zen kantxara, kezka handiegirik gabe, tentsiorik ez eta iskanbila handirik gabe, eta horrek Javi Llorenteri aldaketa asko bilatzera eraman zion, defentsa aldaketa asko ere bilatu zituelarik. Iraurgik Marciusen joko bikaina izan zuen ardatz lehen laurdeneko erasoko jokoan. Kroaziarrak 10 errebote eskuratu zituen (6-4) eta 6 puntu sartu zituen erasoko jokaldi onak amaituta. Guridi kantxara irtetearekin bat taldeak tentsio gehiago hartu zuen eta korrika egiteari ekin zion, 8 eta 0ko partziala egitea ahalbidetu ziolarik eta bisitarien hutsartea behartu zuelarik. Baina Sammic ataskatu egin zen berriz ere azken minutuan eta Peixek segidan eskuraturiko bi saskiratzek abantaila murriztu zuen. 16 eta 12 Iker Buenoren mutilentzat baina kezkatzeko moduko 7/0 batekin hiruko jaurtiketetan.
Bigarren laurdena argi eta garbi galiziarrentzat izan zen. Sammic-ek hiruko marratik ezin sartu jarraitzen zuen eta defentsan bere aurpegirik txarrena erakutsi zuen. Laguntzak ez ziren iristen edo erdizka egiten ziren, baloiaren gaineko 1x1eko defentsa intentsitaterik gabea zen, eta horretaz gain, errebotea zaintzeko arazoak edukitzen hasi ginen. Taldea sufritzen ari zen blokeoa sekulakoa zen, eta barruko jokoa bakarrik izan zen oxigeno pixka bat emateko gauza, baina ez zen nahikoa izan markagailuan aurretik mantendu ahal izateko. Marin eroso zebilen kantxan eta ondo erakutsi zuen baloia erraz mugituz erasoan eta laurden guztian egindako jaurtiketen erosotasunarekin. Laurdenaren erdirako 4 eta 13ko partziala lortua zuen +5 jarrita markagailuan (20-25) eta bertaratutakoen artean urduritasuna sortu zuen. Buelta emateko kapazitaterik gabe,5 eta 11ko partzial berri batekin burumakur joan ziren etxekoak aldageletara, Peixek 9 eta 24ko partzial ikaragarria lortu baitzuen laurden honetan. Gure hirukoen bataz bestekoa beldurra emateko modukoa zen (14/0), epaileen irizpidearen antzerakoa, eduki behar ez lukeen protagonismoa hartzen hasia baitzen.
Kantxara bueltak Sammic ezberdin bat ikusteko aukera eman zigun. Taldeak defentsan zentratuago ematen zuen eta egin beharreko doikuntzak hobeto burutu zituen. Aurreneko defentsak onak izan ziren eta bazirudien taldeak aurrerapausoa ematen ari zela, baina defentsan ondo egindakoa aurrean saririk eman gabe jarraitzen zuen. Peixek lasai itxaroten zuen atzean, horrenbeste kalitate duen talde batek denborak oso ondo kontrolatzen daki eta kanpotik ezin sartu jarraitu genuenez, zonakako defentsan ondo itxita egon zen. Nahiz eta euren erasoko bi erreferentzi nagusiak etxean gelditu ziren, Pantinek eta Adonek ez zuten arazorik eduki erantzukizuna hartzeko puntuen bila. Epaileek loriazko momentuak protagonizatu zituzten laurden honetan, irizpide aldaketek eta kontaktu batzuekin egindako irakurketa txarrek (epaile mekanikagatik gehiago jakintzagatik baino) guztiz hoztuta zeuden harmailak berotzen hasi ziren. Ikerri teknika adierazi zioten eta partida ikustera gerturatu ziren 500 pertsona inguruak sutu egin ziren. 16 eta 14ko partziala Sammic-entzat (41-50) bizirik mantentzeko balio zuena naiz eta taldeak 21/0 zeraman hirukotan.
Iraurgi dena jateko gogoz irten zen azken laurdenean, defentsan anbizioa erakutsi zuen eta biko jaurtiketak soilik sartuta ere irabazteko aukerak zeudela sartu zuen buruan. Marinek indarra eta espiritua galdu zuen erasoko jokoan, partida zikintzen eta gogortzen ari zen eta galiziarren kontzentrazioa ahultzen hasia zen. Gauzak horrela Iker Buenori adierazitako bigarren teknikarekin zur eta lur utzi gintuzten epaileek, entrenatzailea Sandirekin hitz egiten ari zela kanporatu baitzuten. Zamora epaileak uste izan zuen berari kexuka ari zela eta laugarren minutuan aldageletara bidali zuen. Hori ikusita sutan jarri ziren harmailetako zaleak eta palyoffetako giroa bihurtu zen ordura arteko hoztasuna: bor-bor dagoen lapikoa zirudien Azpeitiko kiroldegiak, eta horrek sekulako eragina eduki zuen azken emaitzan.
Marciusen 2+1eko batek goitik jarri gintuen 2:40ren faltan (58-57), baina Pantinen saskiratze batek galiziarrak agintzen jarri zituen berriz markagailuan. Sammicek hurrengo bi erasoak eta bi jaurtiketa libre zaborretara bota zituen, baina defentsako lana playoffetan izan behar duena izan zen baita ere. Semple-ren birrintze batek berriz jarri gintuen goitik 37 segundoren faltan, baloia berreskuratu zuen gainera, baina 26. Hirukoa huts egin zen. Eskerrak Navajasek baloia galdu zuela 11 segundoren faltan. Sandik falta jasan zuen eta jaurtiketa libre bakarra sartu 9’7 segundo falta zirela, baina Semplek baloi bat lapurtu zuen galiziarren azken aukeran eta birrintze ikusgarri batekin eman zion amaiera partidari. 24-11ko partziala.
MVP-a Marcius nekaezin batentzat: 27:17 minutu, 20 puntu, 17 errebote, jasotako 8 falta eta 30eko balorazioa.
Sammic bigarren da matematikoki eta klubaren historian kapitulu berri bat idatzi du.
PARTZIALAK: 16-12 / 9-24 (25-36) / 16-14 / 24-11
SAMMIC ISB: Goenaga, Sarasola, Oroz (8), Arenaza, Astigarraga, Gutiérrez (6), Maiza (2), Segurola (2), Guridi (9), Skouen (2), Semple (16), Marcius (20)
MARÍN ENCE: Noguerol (6), Fernández (6), Ferreiro (5), Mbaye (3), Oubiña (4), Adón (7), Pantín (14), Rey (11), Navajas (5).