Aleksandar Marcius jardunaldiko MVPa bosgarrenez

img
Argazkia: Javi Zurbano

Sammic ISBko pibotak 30eko balorazioarekin amaitu zuen Marin Peixegalego txapeldunaren aurkako partida larunbatean.

Aleksandar “Sandi” Marcius denboraldiko ezusteko handienetako bat izaten ari da eta playoff-ei begira sasoi bikainean dagoela erakutsi du beste behin. Sammic-ek bigarren amaituko du fase erregularra eta hein handi batean Marciusek egin duen lanagatik izango da. Matematikoki txapeldunaren atzetik amaitu eta playoffetako kanporaketa guztietan kantxa faktorea alde edukitzeko, gelditzen zitzaizkion azken bi partidetatik bat irabaztera behartuta zegoen Iker Buenoren taldea eta lehen ahaleginean,pasa den larunbatean, Marin Peixegalego, lehen sailkatuaren aurka lortu zuen irabaztea, Marciusek 30eko balorazioarekin amaitu zuen partida batean.
Duela hiru aste lehiaketako marka guztiak apurtu zituen “Sandi”k 62ko baloraziarekin amaitu eta gero. Oraingoan jardunaldiko MVP-a izatea lortu du beste behin, bosgarren aldiz dagoeneko denboraldi honetan. Lehen laurdenetik erakutsi zuen jardunaldikoa ez ezik denboraldiko jokalari baloratuena izatea gustatuko litzaiokeela eta hasierako minutuetatik hartu nahi izan zuen erantzukizuna erasoan eta errebote lanean “Peixe”ren aurkako lehian. Azkenean, kantxan eman zituen 27 minutu eskasean, 20 puntu sartu zituen (11/7 jaurtiketetan), 17 errebote eskuratu zituen, 2 txapel jarri eta 8 falta jaso zituen, guztira 30eko balorazioarekin amaitzeko.
Marciusek Sammic ISBrekin jokatu dituen 25 partidetan 15’12 puntu sartu ditu bataz beste eta bederatzigarren da saskiratzaile nagusienen ligako rankingean; 9’36 errebote eskuratzen ditu partidako (laugarren onena lan honetan) eta erasoko errebote gehien eskuratzen dituen jokalaria ere bada (3’76 bataz beste); birrintze bat baino gehiago egiten du partidako (1’04) eta laugarrena da ere ranking honetan; egundoko bataz bestekoak ditu biko jaurtiketetan, ligako hirugarren onena jaurtitzen duen %62’56a sartzen baitu eta guzti horri esker, aurtengo Zilarrezko Leb ligako hirugarren jokalari baloratuena dugu 20’56ko balorazioarekin bataz beste. Gogoratu behar da bestalde, Marciusenak direla aurtengo ligako topeak balorazioan (62), puntutan (41) eta baita errebotetan ere (18).
Sammic-ek denboraldia noiz amaituko duen ikusteke dago oraindik eta playoffetan noraino iritsiko den ere, baina Marcius bezalako jokalariekin zergatik ez Urrezko Leb ligarekin amestu??