Burlada 59 - DISDIRA BITXITEGIA ISB 67

img
Foto: Koldo Tellitu

Garaipen oso garrantzitsua Burlatan lortu genuena. Emaitza honekin EBA mailara igotzeko 4ko finala jokatzeko aurrerapauso handia eman dugu, baina oraindik ere garaipenak lortu behar ditugu aukera guztiak itxi arte.

Partidan sartzea asko kosta zitzaigun. Lehen laurdenean ez genuen bat ona egin eta arlo guztietan gu baino gehiago izan ziren, bai erritmoan, errebotean zein saskiratzeetan ere. Gauzak horrela lehen laurdena 19 eta 10 amaitu genuen. Kosta egin zitzaigun esnatzea baina bigarren laurdenetik aurrera lortu genuen. Gure erritmoa ezartzen hasi ginen eta intentsitatez jokatzea lortu genuen. Arazo gehiago izan zuten gure defentsa apurtu eta saskiratzeak lortzeko eta aldea murriztea lortu genuen. Atsedenaldira 30 eta 26.

Bigarren zatian Disdiraren jokoa agertzen hasi zen behingoz eta nahiz eta saskiratze erraz batzuk sartu zizkiguten, gure defentsa gailentzen hasi zen. Gutxika aldea murriztu eta markagailuan aurretik jartzea lortu genuen (42-43). Kostata, baina aurretik. Eta markagailuan aurretik jartzearekin bat,ordura arte lortu ez genuena lortzen hasi ginen: hiruko marratik min egiten hastea. Euren defentsa aldakorrei ondo erantzun genien eta zonakako defentsa pazientziaz irakurtzen jakin izan genuen, baloia bikain mugituz min egin arte. Azkenean 59 eta 67.

Aipatu moduan, garaipen landua eta benetan garrantzitsua, Burlata behe aldean sailkatuta dagoen taldea izanda ere, ez dituelako sekula besoak jaisten eta partida guztiak borrokatzen dituelako.

Larunbat honetan Askartzaren aurka jokatuko dugu Azpeitiko kiroldegian 18:30tan. Garaipena lortzea ederra litzateke gure helburuei begira, baina badakigu lana erruz egin beharko dugula, Leioako taldea benetan gogorra baita. Han 4 luzapen eta gero lortu genuen garaipena, atera kontuak!

Kiroldegian itxaroten dizuegu! Ea guztion artean Lauko Finalerako sailkapena lehenbailehen lortzen dugun!!

Egurre Disdira Bitxitegia ISB!!!

Saskiratzaileak: X.Aldalur(2), Lur(2), Jakes(12), Javi(5), Unai(8), Eneko(7), Merketegi(4), Etxaniz (3), Beñat(4), Asti (20).