Zirt edo Zart

img

Sammic ISBk hasiera emango die asteazken honetan, hilak 13, Azpeitiko kiroldegian 19:00tan, ilusioaren playoffei. Mutilen gure lehen taldeak lehiaketako etxeko-lanen %80a egin du jadanik, eta orain kasualitatea ez dela izan erakutsi beharra dauka.

Iker Buenok hiru denboraldi itxaron behar izan ditu lehiaketako zonalde noblean sartzeko. Lehen bi denboraldietan jaitsiera ekiditea helburu nagusi moduan eduki eta gero, taldearen kirol egoera guztiz aldatu da eta oraingoan, ligako talderik onenen aurka lehiatzea egokitzen da.

Sammic-ek ez du 2012-13 denboralditik igoera playoffik jokatzen eta kasualitateak horrelakoak direnez, orduan Unicajaren bigarren taldeak utzi zituen gipuzkoarrak kanpoan. Azpeitian, orduan Iurgi Caminosek zuzentzen zuen taldeak irabazi egin zuen (78-73), baina Andaluzian galdu egin zuen (59-52) eta kanpoan gelditu zen puntu bakarrarengandik. Denboraldi horretan 11 taldeko liga batean Iraurgik egindako lanak zazpigarren postuan utzi zuen eta 10 garaipen eta 10 porroteko balantzearekin playoffetarako sailkatu zen. Talde hark jokalari oso onak zituen, nahiz eta zortea ez zuten aldeko eduki: Pantin, Ibargutxi, Lasa, Barberena, Motos, Justo, Kersey, Fohler eta Guridik ezin izan zuten zeukaten kalitate guztia atera eta aho bete hortz gelditu ginen.

Denboraldi honetan, agian orduko taldeak baino kalitate pixka bat gutxiago edukita ere, Ikerrek talde jokoa giltzarri bilakatu da bigarren postua lortu ahal izateko. Sammic-ek gauza oso garrantzitsua lortu du: Sandi edo Jordan bezalako bi “killer” eduki arren, jokalari guztiek taldearen onbeharrez egiten dutela lan. Gure bi atzerritarrek partida bat baino gehiagotan hartu dute taldea bizkar-gainean baina egunik onena eduki ez dutenean ere jakin izan dute sakrifikatzen. Espiritu berdina mantentzen jakiten badugu, kanporaketetako ibilbidea luzea izan daiteke Sammic-entzat.

Gure aurkariak ez ditu aldaketa asko eduki beraien aurka azkenekoz jokatu genuenetik. Romaric Belemene (2’02 m), Carlos Cobos (1’93 m) eta Uta (2’11 m) dira Unicajaren erreferentzia nagusiak, talde oso gaztea, harrobiko hainbat jokalariri maila altuan lehiatzeko aukera ematen ari dena. Auriuoles da taldeko entrenatzailea, aulkietan esperientzia handikoa eta harrobiko mota honetako taldeak gidatzen bikain moldatzen dena.

Liga erregularrean Sammic-e bi partidak irabazi zituen, Azpeitian 71 eta 68 irten zen garaile, partida oso estuan eta azken bost minutuetan erabaki zena, Guridi (15), Skouen (13) eta Semple (25) protagonista nagusiak izan zirelarik. Torremolinosen berriz, partida txar bat aurrera ateratzeko gai izan zen, 73 eta 83 irabazita Sempleren (17 puntu) eta batez ere Marciusen (41) lan ikaragarri bati esker. Historiara pasako den eguna, kroaziarrak Zilarrezko Leb liga sortu zenetik markarik onena lortu baitzuen balorazioan (62).

Datu guztiei erreparatuz gero, argi dago gauzak oso ondo egin beharko ditugula final-erdietan gure burua ikus ahal izateko. Unicajak bere helburua bete du playoffetara sailkatuta eta ilusio handiz egingo dio aurre kanporaketari, ez baitauka galtzeko ezer eta bai ordea irabazteko asko. Ikerrek ez du ezertan ere aldatu bere lan filosofia, eta taldeak auza bakarra dauka buruan, lehen partida irabaztea. Partidatik partidara pentsatzen jarraituko du taldeak, filosofia horrekin, aurrerago begiratu gabe, lehiaketan ondo joan zaigu eta horrela.

Iraurgi berriz sailkatu da Playoff batzuk jokatzeko, eta gainera taldean 6 jokalari gipuzkoarrekin egin du, meritua infinituraino igoaraziz. Denboraldi hasieran inork ez luke txakur txiki bat ere jokatuko gure alde, baina egindako esfortzuari esker, konstantziarekin, ondo egindako lanarekin eta diruz ordaindu ezin daitekeen zalego honi esker lehiaketa goi-goian egoteko borrokatuko dugu.

Asteazken honetan ahalik eta laguntza handiena beharko dugu. Bailara guztia gurekin egon dadin deseatzen dugu, harmailetatik bera hauspoa ematen. Klubeko jarraitzaileek ezin dute aitzakiarik bilatu harmailak ez betetzeko. Nahi zeta partida astean zehar izan, askorentzat ordu ez oso aproposean, uste dugu taldeak merezi duela berarengandik esfortzu bat egin eta berau babesten egotea.

Zaleen ordua iritsi da, ligako zalego onena daukagula erakusteko momentua hau da. Iraurgi saskibaloia egiten den klub bat baino, familia handi bat, eta oso ondo eramaten dena gainera, erakutsi beharra daukagu.

Egurre Sammic!!!!