Aurreneko pausua (77-72)

img
Semple: 10 puntu / 10 errebote

Sammic ISBk playoffetan debuta egin du sufritutako garaipena eskuratuz Unicajaren bigarren taldearen kontra. Nahiz eta hasiera bikaina eduki, guztia ondo irten baita, Clinicas Rincon bizirik mantendu da eta amaiera arte gauzak zail jarri ditu. Auriolesen taldea ez da “Errauskine” eta gauzak oso argi ditu.

Azpeitiko kiroldegiko harmailetan elkartu ziren 600 pertsonak oso pozik jarri ziren hasierarekin eta ez zen gutxiagorako. Sammic-ek denboraldiko partida hasiera onena burutu zuen. Gartxu eta defentsako lanean oso zentraturik, pase marrak zaintzen egundoko lana eginez eta errabotea ondo zainduz, lehen laurdena ia perfektua izan da atzeko lanean. Gainera aulkitik irtendako jokalariak ere oso bizi irten dira kantxara eta horrek (Lur kenduta) jokalariei minutu asko jokatzeko aukera eman die. Clinicas Rincon berriz, txinpartarik gabe irten da kantxara, defentsan intentsitaterik gabe eta erasoan ere baloi mugimenduak ez ditu gure mutilak lekunz kanpo uzten jakin. Sammic ondo egon da erasoan, atzean gauzak ondo lotuta edukitzeak ematen dizun konfiantzarekin, Iker buenoren mutilek saskiratze politak eskaini dizkigute, mota eta leku guztietatik eskuratutakoak. 28 eta 15eko partziala Iraurgirentzat, Marciusek 9 puntu eskuratuz saskiratzaile nagusi moduan amaitu duelarik.
Bigarren laurdenean defentsako perfekzioa desagertu egin da. Biguntasunak gure jokalariak hartu ditu eta minutu askoan kontzentrazioa eta intentsitatea galdu dute atzean. Gainera Unicajaren bigarren taldea errebotera erraz joan zedin utzi dugu eta Malagakoen bigarren aukerak asko haserretu dute Iker. Laguntzak ez dira ondo egin, eta falta asko egin ditugu, 6 aldiz eramanez aurkariak jaurtiketa libreen marrara (%81’8). Auriolesen mutilak ondo ibili dira defentsan, pase marretan presionatuz, eta ez ditugu desorekatzen jakin. Baloi mugimendu txarrak ez dio utzi Sammic-i erraz puntuak lortzen eta taldea dezente zurrundu da. Eta hala ere, 15 eta 17ko partziala Clinicas Rinconen alde eta +11 atsedenaldira Iraurgiren alde.
Parekotasuna totala izan zen hirugarren laurdenean. Bai Auriolesek eta baita Iker Buenok ere argi utzi zieten bere mutilei kantxara gaizki irteteak malagarrak partidatik kanpo eta Sammic abantailarik gabe uztea ekarriko lukeela. Horregatik bi taldeak oso kontzentraturik irten ziren defentsa lanetan eta laurden guztian zehar ibili ziren ondo fazeta horretan. Bi taldeek ezarri zituzten zonakako defentsak eta gainera ondo burutu zuten euren lana. Erasoan ere paretsu joan ziren gauzak: Malagakoak biko jaurtiketetan bataz besteko onak lortuz eta Sammic berriz asko asmatuz hiruko marratik. 18nako berdinketa laurden amaieran eta partida oso zabalik bi taldeentzat.
Azken laurdeneko erdialdera arte aurreko minutuetako parekotasunarekin jarraitu zuen. Malagakoen defentsa askoz ere aktiboago ipini zen eta minutu askoan Sempleren eta Marciusen eskutik bizi izan zen Sammicen erasoa zaildu zuen. Baina Sammic ez zen Sammic izango partida guztietan moduan sufrituko ez balu, eta Playoffetako lehen partida ez zen salbuespena izango. Gure defentsako gogoak ihes egin ziguneta malagarrek argi ikusi zuten partida irabazteko momentua iritsi zela. Belemenek errez ikusten hasi zen uztaia eta partidari buelta emateko asmoz bere taldea bizkar gainean hartu zuen. Baina Sammicek Skouenen bilatu zuen kantxan behar zuen bake momentua, norvegiarrak markagailuan aldea mantentzea lortu zuen joko minutu on batzuekin. 16 eta 22ko partziala Unicajarentzat, denbora gehiago behar izan zuela markagailuan urduritasun pixka bat gehiago sortzeko. Sammic-ek baloia lokartu zuen azken minutuan eta Playoffeko lehen garaipena eskuratu zuen.
Baten batek uste baldin bazuen lehen kanporaketa hau erraza izango zela, gaur ikusitakoaren ondoren, iritziz aldatuko zuen ziurrenik. Clinicas Rinconek oso itxura ona eman du gaur eta garbi utzi du gainera ez daukala ezer oparitzeko asmorik. Aipagarria da Sammiceko lau jokalarik eta Unicajako beste lauk 10 puntu baino gehiago lortu dutela. Parekotasuna baita horretan ere.
Marcius Iraurgiko MVP-a 15 puntu, 6 errebote, 2 asistentzia eta 20ko balorazioarekin kantxan egon den 23 minutuetan. Carlos Cobos izan da Unicajakoen MVP-a, 14 puntu, 13 errebote, 4 asistentzia, 4 jasotako falta eta 26ko balorazioarekin.
Datorren larunbatean bigarren partida, Torremolinosen, 19:00tan.
Egurre Sammic!!!!
PARTZIALAK: 28-15 / 15-17 (43-32) / 18-18 / 16-22
SAMMIC ISB: Goenaga (1), Sarasola, Oroz (6), Arenaza (4), Gutiérrez (5), Maiza (9), Segurola (4), Guridi (10), Skouen (13), Semple (10), Marcius (15)
IF. CLÍNICAS RINCÓN: Rodríguez (6), Corts (3), Belemene (15), Uta (16), Jiménez, Grkovic, De Cobos (14), Karahodzic (18)