Ezin liderra garaitu

img

Errotaundi ISBk Arri BKL liderraren aurka 61 eta 66 galdu zuen.

Partida oso borrokatua igande arratsaldean Azpeitian jokatu zutena Errotaundi ISBk eta kategoriako liderra den Arri BKL talde beasaindarrak.
Partida hasieratik bi taldeak oso intentsu irten ziren kantxara defentsa lanean eta kontrarioaren ahulguneak bilatzen erasoan, baina laurden erdialdean etxekoek markagailuko agintea hartu zuten. Nahiz eta defentsan lan gogorra egiten ibili, egiari zor, partidaren erritmo biziak eta efikazia altuak taldeei puntuak batzen joateko aukera eman zien eta laurden amaieran markagailuak 23 eta 21ekoa erakusten zuen.
Bigarren laurdenean gauzak aldatu egin ziren. Defentsak erasoei gailentzen hasi ziren eta partida asko ataskatu zen. Borroka asko, kontaktu asko eta jaurtiketa libreen marrara bidaia asko. Saskiratzea zaila zen eta atsedenaldira bisitarien abantaila bi puntukoa bakarrik zen: 32-34.
Atsedenaldiaren ondoren Errotaundik gora egin zuen. BKLren hasierako hirukoari 11 eta 0ko partzial batekin erantzun zion eta 6 puntuko aldea hartu zuen (43-37, 24.min). Jarraian baina, horrenbeste kezkatzen duen erasoko irregulartasuna bueltatu zen, eta defentsan, falta pertsonalak baldintzatuta, beasaindarrek, gutxika, jaurtiketa libreen marratik markagailuari buelta nola ematen zuten ikusi behar izan zuten, eta laurdena 49 eta 52 amaitu zen.
Azken laurdenak bigarren antza handia eduki zuen. Puntu gutxi, asmatzeko zailtasunak, erasoan baloia mugitzeko arazoak, baina Iraurgikoek ez zuten etsitzen eta 61 eta 60 jarri ahal izan ziren markagailuan aurretik. Tamalez baina ezin izan zuten puntu gehiago lortu. 61 eta 62koarekin markagailuan eta baloia etxekoek zutela erasoko falta batek BKLri baloia berreskuratzea ahalbidetu zion. Hutsartetik irtenda eta dagoeneko epaileek 8 segundoko abisua emanda zutela Agirreren bitartez saskiratzea lortu zuten. Errotaundik hutsartea eskatu zuen baina bere hiruko jaurtiketa ez zen sartu eta kanpotarren bi jaurtiketa librek partida erabakita utzi zuten.
Laburbilduz, partida borrokatua eta seguruenik nahi bezain ondo ez jokatu arren, liderrari gauzak zail jartzeko kapaz izan zen Errotaundi.
Datorren asteburuan Errotaundi ISBk TAKEren kontra jokatuko du Tolosan.