Ulaciaren garaipen sufritua (49-43)

img

Euskal Ligako kadete neskek topera lan egin behar izan zuten Gernikaren kontra garaipen berri bat batu ahal izateko. Aurreikusi genuen modura, bizkaitarrek gauzak oso zail jarri zizkioten Ulaciako neskei eta azken laurdeneko bosgarren minutura arte aurretik joan ziren markagailuan. Datorren astean Lauko Finala Azkoitia/Azpeitian.

Ulacia beldurrak jota kantxaratu zen. Taldea zurrunduta irten zen eta ez zen kapaz izan iniziatiba eramateko. Gernikak ideiak oso argi eduki zituen eta lehen momentutik defentsak aldatuz ibili zen, Ulaciak irakurketa onik egiten jakin ez zuelarik. Nahiz eta defentsan gauzak nahiko ondo egin, erasoan fruiturik ez edukitzeak taldearen lana asko baldintzatu zuen. 2 eta 14ko partziala eta gauzak oso beltz Iraurgirendako.

Baina bigarren laurdenean Ulaciak beldur eta urduritasun guztiak uxatu zituen, hiruko marratik asko asmatzen hasi zen eta partidaren jabe egin zen. Gernikak akatsak egin zituen defentsan laurdenaren minutu askotan eta hasieran ezarritako planteamenduan zuten fedea galdu zutela zirudien. Baina bizkaitarrak berrindartu egin ziren eta gure neskek lehen minutuetan edukitako erasoko jarioa galdu zuten. Ane Zubizarretak eta Maite Merketegik gidatu zuten taldea erasoan, kanpoko jokalariek laurden oso ona burutu zuten eta euren puntuei esker Ulaciak markagailuko distantzia txikitzea lortu zuen. 19 eta 10eko partziala Iraurgirentzat eta -3 atsedenaldira (21-24).

Atsedenaldiaren ondoren Gernikak berriz hartu zuen partidaren kontrola. Ulaciak indarra galdu zuen eta lehen laurdeneko akatsak burutzen hasi zen berriz. Bisitariek alde egin zuten berriz markagailuan (24-32), gure erasoko irizpidea desagertu egin zen berriz eta jaurtiketak egiterako orduan hartutako erabaki txarrak motxila pisutsuegia izan zen gure neskentzat. Baina Aldalurren hutsarte baten ondoren taldeak lasaitu egin zen, pazientzia erakutsi zuen erasoan eta bizkaitarren defentsa ondo irakurtzen hasi zen berriz. Maitek erreskadan lortutako lau puntuk Ulaciari partzialean garaile irteten lagundu zion (11-10) eta -2 jarri zen markagailuan (32-34).

Iraurgik aurreko laurdeneko erasoko inertzia onarekin jarraitu zuen partida apurtzeko. Defentsan ondo jarraitzen zuenez, erasoan puntuak sartzen hasi bezain pronto, markagailuan aurretik jartzea lortu zuen (aurreneko aldiz) laurdenaren seigarren minuturako (39-38). Nerea Soraluce partidan agertu zen momenturik aproposenean eta erasoan egin zuen lana ezinbestekoa izan zen Ulaciak garaipena lortzeko. Gure neskek 9 puntuko aldea eskuratu zuten amaitzeko bi minuturen faltan, eta hortik aurrera abantaila kudeatu zuen Gernikaren azken bultzadak ondo eutsiz, 17 eta 9ko partziala Iraurgirendako.

Asko sufrituz eskuratutako garaipena, eta sari bikoitza duena. Datorren astean Ulaciak Azkoitian (larunbata) finalerdiak jokatuko ditu Basketcountry.es talde arabarraren kontra, eta zortea aldeko, igandean Txapeldun izatea bilatuko du Azpeitian.

Zorionak eta egurre Ulacia!!!!