Agur ametsari

img

Clinicas Rinconek azken sastakada eman dio Sammic-i partidako azken minutuan eta finalerdietatik kanpo utzi du 66 eta 69 irabazita.

Akabo, amaitu da denboraldia Sammic ISBrentzat. Esperantza handiak jarrita zeuden liga erregularra bigarren amaitu eta gero, baina Clinicas Rinconek argi utzi du talde gaztea izan arren, horrelako kanporaketetan esperientzia handia daukala eta behar zen momentuan, azken sastakada ematen jakin izan du, partida oso parekatu batean.
Partida hau sufritu gabe irabaziko zela uste zuenak argi ikusi du gaur (aurreko bi partidetan ikusi ez badu behintzat) oker zebilela. Clinicas Rincon dena ematera irten da eta Belemeneren eskutik puntuak batu eta batu egin ditu. Ez etxekoek defentsa txarra egin dutelako, baizik Congokoa geldiezin zebilelako. Bere taldearen aurreneko 15 puntutatik 13 sartu ditu berak, zerbaitegatik da Zilarrezko Leb ligako final-laurdenetako MVP-a. Dominatzen zebiltzan malagarrak eta 12 eta 17koarekin Iker Buenok hutsartea eskatu behar izan du. Bere jokalariak esnatu beharra zituen eta badirudi lortu duela, hein handi batean bai behintzat, bi puntu azpitik bakarrik amaitu duelako lehen laurdena Sammic-ek: 16-18.
Aldaketak etorri dira eta Pablo Arenazak bi hirukorekin aurrenekoz jarri du bere taldea aurretik, baina txinpartarik gabe ikusten zitzaion taldeari. Hori bai sufritzeko prest eta atzean lana gogortu egin dute. Belemene partidatik ateratzeko kapaz izan dira, baina erasoan Marcius eta Sempleren ekarpena falta zitzaion taldeari partida apurtzen saiatzeko. Trabatua joan da partida, ezin batek apurtu, ezin besteak berdina egin. Emozioa nahi bazen, tori emozioa. Atsedenaldira 33nako berdinketa.
Gauzak ez dira asko aldatu aldageletatik bueltan. Semple agertzen hasi da erasoan bai, baina bakarregi eta bakarka jokatuz. Atzean sendo jarraitzen zuen taldeak, lana erruz eginez, baina erasoko errebote gehitxo lortu dituzte andaluziarrek. Egiari zor, Utak min handia egin zu zona barruan, Marciusekin borroka ikusgarria izan da, baina gaurkoa errumaniarrak irabazi du, agian epaileek kroaziarra partidatik atera dutelako. Epaileen lana gaur oso kritikatua izan da eta agian arrazoiarekin, ez dutelako asmatu euren lanean, batzuetan etxekoen kontra eta besteetan malagarren kontra. Hirugarren laurdenaren amaieran puntu bat azpitik etxekoak: 49-50.
Sufritzen jarraitzea tokatzen zen eta taldea horretarako prest agertu da. Gainera gaizka Maizaren magia agertzen hasi da eta taldeak behar zuen txinparta eskuratuko zuela zirudien. 5 gora ere ibili da Sammic, baina ez du jakin partida apurtzen eta horrelakoak ordaintzen amaitzen dira maiz. Gaur hori gertatu da, estutu dute Paco Auriolesen mutilek eta ordura arte desagertuta ibili den De Cobosek azken sastakada eman dio etxeko taldeari hiruko marratik. Ahalegindu dira Iker Buenoren mutilak, baina ezin. Azkenena 66 eta 69.
Pena da, amaitu da 2015-16ko ibilbidea Sammic-entzat, eta pena da aurrera egiteko aukerak bazeudela uste zelako, baina momentuko iluntasun honek ezin du denboraldi historiko honetan emandako argi eta ilusio momentu guztiak ilundu. Zorionak eta eskerrik asko mutilak, egindakoa egundokoa delako!!
Saskiratzaileak: (16-18/17-15/16-17/17-19)
SAMMIC ISB: Oroz (8), Gutierrez (4), Segurola (1), Skouen (4)Marcius (9) – Sarasola (4), Arenaza (6), Astigarraga, Maiza (14), Guridi, Semple (16).
CLINICAS RINCON: Corts (10), Belemene (20), Uta (17), Jimenez (2), Cobos (9) – Rodriguez (3)Sow, Grkovic (2), Karahodzic (9).