Garaipena Tolosan

img

Errotaundi ISBk etxetik kanpo 60 eta 65 irabazi zion TAKEri.

Partida ordubeteko atzerapenarekin hasi zen, Tolosako Udaletik Usabaleko kirol instalakuntzak kudeatzerako orduan egindako huts baten ondorioz. Eta agian motibo horrengatik izango zen kantxara bi taldeak hotz irten zirela, baina kontua da ez batak ez eta besteak ere ez zutela puntuak sartzeko erraztasunik ikusi. Nahiz eta kanpoko taldeak eduki zituen lehendabiziko abantailak markagailuan, egiari zor, atsedenaldira arte parekotasuna handia izan zen partidan, baita puntuak lortzerako orduan ere, atsedenaldira Errotaundiren aldeko 22 eta 24koak adierazten duen moduan.

Atsedenaldiak badirudi bi taldeak pixka bat animatu zituela. Efikazia hobetuta, baita erritmoa ere eta defentsa lanak okertuz, puntuak pilatzen hasi ziren batzuek zein besteak. Iraurgikoak ahalegindu ziren markagailuan aldentzen, eta abantaila txikiak eduki zituzten, baina TAKEkoek beti ematen zieten erantzuna hirugarren laurdeneko azken minutuan Errotaundik mahai gainean kolpea jo eta 7 puntuko aldea zabaldu zuen arte (39-46).

Azken laurdenak emozioa mantendu zuen. Nahiz eta Iraurgik bere diferentzia maximoa izango zena lortu (46-56, 36.min), azken bi minutuetan ez zuen ondo defendatu eta tolosarrek partida amaitzeko 15 segundoren faltan berdinketa lortzeko aukera eduki zuten Errotaundikoek bi jaurtiketa libre huts egin eta gero. Zorionez hirukoa ez zuten sartu eta azken bi jaurtiketa librek amaierako 60 eta 65ekoan utzi zuten emaitza.

Datorren larunbatean Errotaundi ISBk denboraldiko azken partida jokatuko du etxeko talde modura, eta Donostiako Askatuak izango du aurkari.