Luxua Azkoitian

img

Larunbatean Euskadiko kadete mailako lau talderik onenak ikusteko aukera eduki genuen; Azkoitiko kiroldegia saskibaloiaren festa bilakatu zen, bai kantxan eta baita harmailetan ere. Ulacia ISBk eta Gernikak lortu zuten finalerako txartela eta bide batez, maila honetako Estatutako Txapelketan parte hartu ahal izateko aukera.

Euskadi osotik etorritako jendez beteriko harmailak ikusi ahal izan genituen eta taldeek hori ikusita kantxa gainean zuten guztia eman zuten. Lehen finalerdia kolore gutxikoa izan zen, Ulaciak atsedenalditik bueltan guztiz apurtu zuelako partida, baina bigarrenak aurreikuspen guztiak bete zituen (luzapena eta guzti) eta guztiek saskibaloi partida polit batez gozatzeko aukera eduki zuten.

Autocares Ulacia ISB 72 – 39 Basketcountry.es

Urduritasunez eta hutsez beteriko lehen laurden baten ondoren, bigarren laurdenean bai gure jokalariek eta baita arabarrek ere kirol ikuskizun bikaina eman ziguten kantxa gainean. Ulacia zen agintari markagailuan, baina gasteiztarrek euren mailarik onena eman zuten eta maila benetan handiko saskibaloiaz gozatzeko aukera eduki genuen. Atsedenaldiaren ondoren Ulaciak bere kalitatearen berri eman nahi izan zuen eta defentsako lana indartuz, ez zuen arazo handiegirik eduki bi partzialetan nagusi izateko eta finaleko lehen txartela lortzeko. Hala ere, justuak izateko, goraipatu beharra dago BasketCountryren borroka kantxan, jokalariek duten guztia ematen dutenean txalotzea merezi dutelako.

Merketegik sartu zituen Ulaciarentzako puntu gehien: 12 guztira.

PARTZIALAK: 16-8 / 22-15 (38-23) / 16-7 / 18-9

Ulacia ISB: Soraluce (7), Zubizarreta (8), Ezama A (9), Zuazolazigorraga (7), Merketegi (12), Sudupe (2), Ugarte (9), Lizundia (6), Otaegui (6), Aranburu, Ezama M (2), Iturralde (4)

Gernika KESB 67 – 63 Easo Ate Asesores

Lauko Finaleko bigarren partidan bi taldeek saskibaloi ikuskizun ikaragarria eskaini ziguten. Aurreko partidan bezala, lehen laurdena akatsez beterik egon zen eta bi taldeek arazoak eduki zituzten puntuak biltzeko, horrelako txapelketa batek sortzen dituen urduritasuna nabaria zen. Gernikak bigarren laurden hasieran urduritasun guztiak uxatzeko kapaz izan zela eman zuen eta markagailuan alde egiten hasi zen, baina Easok erreakzionatu egin zuen. David Martinen neskek limiteraino eraman zuten euren defentsa eta bizkaitarrak guztiz blokeatu zituzten. Gainera erasoan ere Gernikari nola jokatu erakutsi zion eta atsedenaldira 7 puntuko abantailarekin iritsi ziren (20-27).

Josema Alcantarak bere jokalarien erreakzioa bilatu zuen aldageletan eta beste Gernika bat ikusi genuen kantxara bueltan. Josemarenek euren defentsa gogortu zuten eta donostiarren puntu jarioa txikitu zuten. Easok askoz ere gehiago landu behar izan zituzten beraien erasoak eta gaionera defentsako desgastea ikaragarria izan zen donostiarrentzat. Baina bizkaitarrek ez zuten lortu markagailuko diferentziak txikitzea eta indarra galdu zuten. Easok hirukoekin min egin zuen berriz eta hirugarren partzialean ere garaile irten zen, + 10ekoa jarriz markagailuan (36-46).

Gernikak zuen guzti eman zuen orduan eta Easok puntuak ezin batu ibili zela aprobetxatu zuen azken laurdenean. Donostiarrak hirukoa huts egiten hasi ziren, nahiz eta jaurtiketa onak egin, eta bere aurkaria markagailuan nola gerturatzen zen ikusi zuten. Alberdik eta Vergarak bizkaitarrak bizkar gainean hartu zituzten egundoko laurdena burutuaz. Iroskietaren sekulako saskiratze bati esker gernikarrak 2 gora jarri zituen, baina Pinillaren beste saskiratze ikusgarri batek berdinketa ezarri zuen azken erasoan eta partida luzapenera joan zen.

Bizkaitarrak osoago iritsi ziren minutu hauetara, bai fisikoki eta baita mentalki ere, Easo ahalegindu zen baina ezin zuen gehiago eman. Davidek eginahalak egin zituen bere taldeak iraun zezan baina ezin izan zuen, Gernikak garaipena eskuratu zuen eta Estatuko Txapelketarako bigarren txartela.

EGUNDOKO PARTIDA!!!!