EUSKADIKO TXAPELDUNAK

img

Bigarren denboraldiz jarraian Iraurgiko kadete nesken taldeak Txapeldun izaten amaitu du. Ulacia ISBk zuen onena eman behar izan zuen Gernika ikusgarri bati irabazteko, bizkaitarrek Easoren aurka edukitako finalerdi gogorraren ondoren azken laurdenera arte eutsi ziotelako.

Bai Ulaciari eta baita Gernikari ere kosta egin zitzaien jokatzen hastea. Iraurgiren kasuan, finaleko anfitrioi izateak eragina izan zuen jokalariengan, oso urduri agertu ziren jokoaren fazeta guztietan. Gernikak ere ez zuen bere motorra martxan jartzerik lortu, aurreko eguneko desgasteak eragina izan zuen txinpartarik gabe agertu ziren jokalariengan. Baina bizkaitarrek Ulaciak baino errazago lortu zituen puntuak eta laurden guztian zehar markagailuan aurretik ibili zen. 7 eta 11ko partziala bisitarientzat, saskibaloi oso intentsua, baina ikuslearentzat zatar xamarra.

Ulacia partidaren jabe egin zen bigarren laurdena hasi bezain pronto. Hasierako urduritasuna atzean utzi eta gero, defentsan gogor lanean hasita, Iraurgikoek mahai gainean kolpea jo zuten eta bizkaitarrak behera etorri ziren. Zubizarretak erreskadan lorturiko 6 punturi esker Ulacia aurretik jarri zen markagailuan. Alcantara aulkia mugitzen hasi zen erreakzio bila eta defentsa aldaketekin haize pixka bat lortu zuen. Bizkaitarrek gipuzkoarren puntu jarioa gelditzea lortu zuten eta jokoaren kontrolarekin egin ziren. Zenigaoinaindiaren hiruko bati esker 3 puntuko aldearekin joan ziren gernikarrak atsedenaldira (22-25). 15 eta 14ko partziala gure neskentzat, partida hasiera txarra ordaintzen jarraitzen zuten arren.

Atsedenaldiaren ondoren taktika masterra hasi zen. Markagailuko parekotasuna fisikoarekin eta efikaziarekin apurtzea zaila izango zela jakinda, bi entrenatzaileek arbeletako marrazkiak dantzan jarri zituzten. Zonakakko defentsak, presioak, defentsa mistoak, 2x1ekoak…, erasoan infinituraino afinatu zuen talde bakoitzak. Pase bakoitza zaindu zuten, bote bakoitza eta baita jaurtiketa bakoitza ere, bakarkako inprobisazioari oso leku gutxi utzita. Egundoko xake partida, nolabait puntu falta konpentsatu zuena. 11 eta 10 markagailuan atzetik jarraitzen zuen Ulaciarentzat (33-35). Partida guztiz zabalik azken laurdenaren atarian.

Akatsez beteriko lehen minutu baten ondoren, partida apurtzeko momentua iritsi zen eta gure neskek ez zuten horretarako beldurrik eduki. Gernikak indarra galdu zuen defentsan, Alcantara ahalegindu zen bere nesken intentsitatea mantentzen baina fisikoki akituta zeuden. Ulaciak defentsa gogorrarekin jarraitu zuen eta erasoan Alaitz Ezaman aurkitu zuen zerura eramango zuen “aingerua”. Bere hiruko batek jarraian eskuratutako 7 punturi hasiera eman zion eta markagailuak guztiz puskatzea lortu zuten Urola bailarakoek. Ana Ugarteren hiruko batek 13 eta 0an utzi zuen partziala. Gernikak ez zituen besoak jaitsi, eta bihotzarekin buruarekin baino gehiago partidari buelta ematea bilatu zuen baina denbora eta zortea falta izan zitzaion. 13 eta 7ko partziala Iraurgirentzat azken laurdenean.

Denboraldian zehar egindako lan bikainari ginga ezin hobea.

Zorionak neskak!!!!!

ULACIA ISB: Soraluce (8), Zubizarreta (11), Ezama A (7), Zuazolazigorraga, Merketegi (4), Sudupe, Ugarte (7), Lizundia (5), Otaegui, Aramburu, Ezama M (4), Iturralde.