Gizon lasaia

img
Aranur ISB

Luis Iraurgiren apustu handienetako bat da aulkiei begira. Nahiz eta gaztea izan Estatuko Txapelketa batzuk baditu dagoeneko bizkar gainean eta denboraldiz denboraldi hazten ari da entrenatzaile moduan. Denboraldi honetan juniorrekin lan egitea tokatu zaio eta berriz sartu da estatuko saskibaloiaren festa handian.

Aranurrek nahiko bide erregularra eraman du emaitzei dagokienez. Tamalez baina, jokalarien ikasketek talde moduan gehiago hazten lagunduko lioken besteko lana egitea ekidin dio. Urte zaila da jokalarientzat eta entrenamenduak ez dira izan Luisek nahi besteko osoak.

Liga erregularrean Aranurrek bigarren postuan amaitu zuen, 12 garaipen eta 2 porroteko balantzearekin, Easorekin berdinduta. Taldea gorpuzten joan zen lehen fasea aurrea joan ahala, partidu bikainak aurrera ateratzeko barrenak hustu behar izan zituen batzuekin tartekatu zituen. Bigarren fasean ere postua errepikatu zuen 8 garaipen eta 2 porrotekin, eta oraingoan Loiola Indautxu bizkaitarren atzetik amaitzea egokitu zitzaion.

Lauko Finalean Aranurren Easo garaitu zuen finalerdian (66-60) baina finalean anfitrioiarekin galdu zuen 60 eta 59, zortea ez zuen aldeko eduki gure juniorrak eta Euskadiko bigarren izaten amaitu zuen.

Luisek zuhurra izan nahi du, ez du aterik itxi nahi baina ez du ezta ere helburu oso altuak ezarri nahi. Partiduz partidu joateko filosofia mantendu nahi du, eta multzoen fasea amaitutakoan non dauden kokatuta ikusi. Bere inpresioak uzten dizkigu.

A)Hemen gaude, beste behin, estatuko txapelketetan seguru dagoen batetan bihurtu zara. Nola baloratzen duzu erronka berri hau?

Sentsazio positiboak dauzkat txapelketari begira. Bilboko Lauko Finalean argi utzi genuen edozeinen kontra lehiatzeko kapaz garela joko onarekin. Kontrario guztiekin berdina erakustea espero dugu. Horrelako txapelketa bat etxean jokatu ahal izateak ilusioa ematen du, esperientzia berri bat da, Tenerife, Leon, Zaragoza, Guadalajara… oraingoan Azpeitia. Gure zaleak pozik uztea espero dugu. Paper on bat egitea… klub honen helburu bakarra multzokako fasea jokatzeak izan behar du eta kontrario guztientzako talde deserosoa izatea. Herri txiki bat gara eta talde handien aurka jokatzen dugu, deseroso izateak lortzen badugu dagoeneko lan duina egingo dugu eta 16renetatik aurrera baldin bada, askoz ere hobeto.

B)Teorian, lehiaketako egitura berriarekin, txapelketaren multzo “erraz” bat egokitu zaigu. Gauza hobea edo okerragoa da hori?

Erantzun zaila da hori… gogorrenen multzoan hiru talde pasatzen dira aurrera eta garaipen bakarra lortzearekin helburua betetzea badago. Gure multzoan bakarra pasatzen da, eta beraz ezingo dugu inoren kontra huts egin final hamaseirenetan egoteko. Uste du UVA PONCEren kontrako azken partida erabakiko dela dena. Multzo gogor bat tokatu izan balitzaigu, bi/hiru talde zail kenduko genituzke gainetik, baina beno… UVA PONCE gainetik kentzen saiatuko gara eta gero datorrena datorrela.

C)Zer moduzko sasoian iristen zarete?

Uste dut Lauko Finala sasoi onean jokatu genuela, bai fisikoki eta baita jokoz ere, uste dut ikusi zen jokoari dagokionez talderik onena izan ginela eta ezustekoren bat emateko gai garelakoan nago. Eta sasoi puntuari dagokionez, aurrez esan nizun moduan, 3 astetan 4 entrenamendurekin… ikusgarria izango da.

D) Eta espirituz?

Oso zaila izango da Tenerifeko zilarra edo Guadalajarako brontzea hobetzea (barre), baina partida guztietan borrokatzen saiatuko gara kontrarioari gauzak zail jartzeko.

E)Etxean jokatzen duzue. Adorea ematen du edo beldurra sortzen du?

Adorea ematen du!! Kiroldegia guri animatzeko erdi beteta ikusteko aukera daukagula pentsatze soilak oilo-ipurdia jartzen du. Helburu handi batera iristera behartuta egongo bagina, orduan bai sortuko lukeela beldurra, baina hori ez denez kasua, momentuaz disfrutatzen saiatuko gara eta partidak ikustera gerturatzen denari ikuskizun polita eskainiko diogu.

F)Eskualdeko jendearen laguntza oso garrantzitsua izango da. Zer aurkituko dute gu ikustera datozenak?

Talde honek, klub guztiak bezalaxe, ezaugarri bat baldin badu, hori besoak sekula jaisten ez dituela da, anbizioa badaukala erakutsi du eta urte hauetan talde handiak garaitzeko kapaz izan da. Ziur nago dugun guztia utziko dugula zelaian garaipena lortzen saiatzeko.

G)Eta aurkariak, nola ikusten dituzu?

Teorian, lehen postuarengatik borrokan ibiliko garen aurkaria UVA PONCE izango da. Iaz tokatu zitzaigun multzokako fasean beraien aurka jokatzea eta luzapenean irabazi genien, espero dut aurten 40 minutuen barruan irabaztea. Melilla eta Cartagenari buruz… ez ditut hainbeste ezagutzen baina La Sallek erraz irabazi du Melillan eta seguru Eugenio lagunak ez digula gauzaka erraz jarriko.

H)Azkena…finala maiatzaren 14an 12:00tan jokatuko da… bertan imajinatzen duzu zure burua?

Partidaz partida, Tenerifen inork ez zuen uste finala jokatzera iritsiko ginenik baina ezustekoz ezusteko azken egunera arte iritsi ginen. Jokatzea tokatzen bazaigu sekulako oparia izango da eta disfrutatzen saiatuko gara, nahiz eta oraingoan irabazi ahal dugula uste dudan (barre), gelditzen zaigun garaikur bakarra da! (barre) Broma da.