ASTEBURUAN EUSKAL KOPA AZPEITIAN

img

Sammiceko jarraitzaileek fitxaketa berriak bertartik bertara ikusteko aukera izango dute, liga hasteko astebete falta denean: Karena, Otieno, Alex Ramon eta Ander Garcia.

LEB ligako taldeen Euskal Kopa jokatuko da asteburuan Azpeitiko kiroldegian. Larunbatean bi finalerdiak izango dira. Lehenbizi arratsaldeko 16:30ean Retabet GBC eta Zornotza neurtuko dira. Ondoren, 18:30ean, Sammic Iraurgi eta Araberri izango dira nor baino nor gehiago. Bi irabazleek finala igande eguerdiko 12:00etan izango dute. Aurrez, 10:00etan, larunbateko bi galtzaileak neurtuko dira.

Retabet eta Zornotzaren arteko deman Porfi Fisacen taldea da finalerako txartela lortzeko faboritoa. Oroz, Lasa eta Skouben, gainera, etxera itzuliko dira. Zornotzak Bilbo Basketekin elkarlanerako akordioa duenez ACBko taldeak utzitako hiru jokalarirekin etorriko da.

Sammic eta Araberriren arteko lehiak itxura estuagoa du nahiz eta arabarrak maila bat gorago egon. Iker Buenoren taldea fin ari da lanean eta zaila izan arren, Araberri ezustean harrapatzen ahaleginduko da. Sammiceko jarraitzaileek fitxaketa berriak bertartik bertara ikusteko aukera izango dute, liga hasteko astebete falta denean. Karena, Otieno, Ander Garcia eta Alex Ramon Bueno entrenatzailearen aginduetara izango dira. Taldea erabat osatzeko oraindik ere beste bi jokalari falta dira.