Danborradan irteteko prest gaude!

img

44 lagunez osatutako taldea dugu, sukaldari jantziarekin eta klubaren kolore granatea nagusi dela

Iraurgi saskibaloi klubetik beti esan dugu kirol talde bat baino gehiago nahi dugula izan. Zentzu horretan, hainbat pauso eman ditugu azken urteetan. Besteak beste, Inaziotar bidearekin bat egin genuen bideko komunitate guztiekin harremanak sendotu eta saskibaloiaren bitartez Azpeitiko herria ezagutzera eramateko. Inaziotar Bidea amaitzen den Manresa hirian bertan izan ginen harremanak lantzeko eta gure partidetan Inaziotar Bidea turistikoki sustatzen dugu.

Herriko izena eta turismoa bultzatzeaz gain, herriko eragile desberdinekin harremank ere lantzea garrantzitsua iruditzen zaigu. Hala, Caritas elkartea edota Ane Jurado eta Ekain artistekin kolaborazioak egin ditugu.

Orain ordea, pauso bat gehiago ematera goaz. Gizartearekiko eta Azpeitiarekiko dugun erantzukizuna betetzen jarraitu nahi dugu. Urte askotan zehar herrigintzan egindako lanarekin segi. Eta zer hobe San Sebastian jaietako Danborradan ertetzea baino! Honela, ostegunean Danborradako talde berria izango da Iraurgi. Ilusio eta gogo handiz gaude.

Ez da bide erraza izan, 2 urteko prozesu luzea izan da. Iaz atera nahi genuen baina kirol mailan izandako emaitza onek Danborradako ametsa urtebete atzeratzera behartu gintuen. Aurten bai edo bai izan behar zuen eta lan asko izan da, baina gustukoa.

Jantziari dagokionez, sukaldariz ertengo gara eta klubeko kolore nagusia den granatea da trajearen oinarri. Jantziak eta danborrak Azpeitian bertan egin ditugu, herriko ekonomia eta batik bat, merkatari txikiei eta artisauei laguntzeko helburuarekin. Norberak erosi ditugu jantziak baina danborradan irteteko, ezinbestekoa izango da klubarekin lotura izatea; ezingo da jantzia familia edo lagunei utzi.

Iraurgin beti saiatu izan gara lagun giroa zaintzen eta Danborrada gure arteko lotura hori sendotzeko baliagarria izango da. Danborrada Azpeitiko festarik jendetsuena eta herrikoiena da eta gure ale txikia jarriko dugu bertan.

Ondo pasa sansebastianak!