Kantxatik herrira gerturatuz

  • EBA
  • 2006/10/11
  • Urola-Kostako Hitza
img
Rafael Azpeitin

Rafael Giovanonni Lan Mobel Iraurgira proban etorri zen, eta orain denboraldia bukatu arte geldituko da; gustura dago «oso ondo hartu dutelako»

Proban etorri zen Rafael Giovanonni brasildarra EBA Ligako Lan Mobel Iraurgi saskibaloi taldera. Ia hilabete egin du, eta orain denboraldi osorako gelditzeko proposatu diote, «proba gainditu dut, eta denboraldia bukatu arte Iraurgin jokatuko dut». «Oso gustura» dago hemen.

Jatorra da, eta jator hartu omen dute Azpeitian. «Bai taldean, bai saskibaloi elkartean eta baita herrian ere. Oso gustura nago, benetan. Oso ondo zaintzen naute», dio. «Hasieran taldean sartzea pixka bat kostatu zitzaidan, nire gaztelera ez da oso ona eta euskara, berriz, zeresanik ez. Baina denboraldia luzea da, eta bukatu bitartean euskara zertxobait ikasteko aukera izango dut».

Lana egiteko gogoz dago. «Lan egin behar dugu, emaitza onak lortzeko». Iraurgi Saskibaloi Elkartearen proiektua «izugarri» gustuko duela dio: «Elkarteko zuzendaritzako kide guztiak lanean ari dira taldea ondo joateko, eta hori ona da. Orain guk egin behar dugu lan».

Lanak egunerokoa izan behar duela dio. «Egunero-egunero egin behar da lan, jokoz joko, partidaz partida. Behin, Brasilgo futbol entrenatzaile batek hala esan zuen, 'jokorik zailena, hurrengoa' eta hala da».

Etorri eta bi astera orkatilean zaintiratu bat izan zuen Giovanonnik, eta orain hori sendatzen ari da. «Beti hankak kantxan ditugu eta horrelakoak gertatzen dira». Baina entrenatzen hasi da eta laster jokoan izango da.

Loiola hotelean bizi da Azpeitira etorri zenetik, eta hainbat egunetan zaintiratua sendatzeko hoteleko gelatik irten gabe egon behar izan zuen, «orduan aspertu egin nintzen, telebistan zer botatzen zuten ere buruz ikasi nuen». Gainontzean, aspertzeko betarik ez omen du.

«Igerilekuko gimnasiora joaten naiz entrenatzera. Neure kasa prestatzen naiz, pisuekin, bizikletan, korrika... Lanean jarduten dut, gero partidak irabazi ahal izateko», kontatzen du. Bazkaltzera eta afaltzera Iraurgi Saskibaloia tabernara joaten da egunero. «Eskerrak tabernari, horri esker herriko jendea eta giroa ezagutzeko aukera izan baititut. Baina taldekideek ere asko lagundu didate».

«Munduko ibiltaria»

Brasilgo Sao Paulokoa da eta saskibaloiari esker «munduko ibiltaria» izateko aukera izan du: Italia, AEBak, Espainia (Melilla) eta orain Euskal Herria. Zazpi urterekin hasi zen saskibaloian jokatzen. Bere pasioa da. «Familian saskibaloiaren bueltan bizi gara; aita, anaia zaharrena eta gazteena eta neu saskibaloiko jokalariak izan dira edo gara. Ederra da gustuko duzuna lanbide izatea».

28 urte azaroaren 19an beteko ditu, Azpeitian ospatuko du urtebetetze eguna. «Ordurako neska ere etorriko da hona. Orain apartamentu bat topatzen ari dira niretzat Azpeitian, eta han biziko naiz gero. Familia ere etorriko da hona, eta Gabonetan Italiara joango naiz anaia gaztea bisitatzera. Gure familian batuta gaude eta harat honat ibiltzeko orduan hori garrantzitsua da».