1974-75.- SASKI BALOIAREN JAIOTZA

img

Gure bailaran , gauza denak bezela saski baloiak ere, badu bere sorrerako zergaitia. Atal horretan, besteak beste, Josu Arregiren izena gainditu nahi dugu.


Saskibaloiaren bilakaera ulertzeko, ezinbestekoa da beste zehaztapen bat egitea. Kontuan izan behar da saskibaloia kristau kolegioetan sortu eta suspertutako kirola dela. James A. Naismith kanadarrak asmatu zuen saskibaloia 1891n, Young Men’s Christian Assoc iation Training School-eko soinketa irakaslea zenean, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Massachusetts Estatuko Springfiel herrian. Eguraldi txarra zenean, batez ere negu partean, estalpean joka zitekeen kirola sortzeko enkargua jaso, eta zenbait tentaldiren buruan, arrantzarako saski batez eta baloiaz osatutako kirola asmatu zuen; basket-ball deituko zena.

Eskolapio batek eraman zuen Kubatik bueltan Kataluniara, Bartzelonara, kirol honen ezagupidea 1921ean. Euskal Herrira, berriz, 1939an etorri zen, eta 1940an sortu zen Gipuzkoako Saskibaloi Federazioa.

1964: ARREGI DURANGORA
Josu Arregi Txapao Durangoko Jesuitetara joan zen ikastera 1964an, 12 urte zituela, eta horrek bere garrantzia eduki zuen. Izan ere, Josu hurrengo urtean hasi zen saskibaloian jokatzen, eta 17 urterekin Aguilas Bilboko taldeak fitxatu zuen, junior mailan jokatzeko. Aguilas Espainiako Lehen Mailan zegoen, hain zuzen zuri-beltzeko telebistan Cabrera, Corbalán, Brabender, Walter, Rullan... agertzen ziren mailan. Sasoi hartan, juniorrek seniorrekin batera bidaiatzen zuten, eta gazteen partida jokatzen zen lehenik, eta gero helduena. Beraz, Josu Espainian zehar ibili zen goi mailako saskibaloia biziz. Aguilaseko talde seniorrean bere lekua irabazi zuen Josuk, eta ezagun egin ziren hark defentsako zituen dohainak, lanean zuen jarraikortasuna eta jaurtiketa polita. Diaz Miguel entrenatzaile ezagunak ere izan zituen Josurenganako laudorioak.

.1970 hamarkadako lehen urte haietan baziren saskibaloia oso gogokoa zuten gazteak Urola bailaran, baina ez zegoen saskibaloiko talderik, ezta jokatzeko gune egokirik ere. Dena egiteko zegoen.

Uda partean, Josu Txapao herrira itzultzen zenean, ezin zen egon saskibaloian jokatu gabe. Jose Mari Garmendia Fari-k kontatzen duenez, Loiolako jesuiten nobiziagoko jolastokian ezagutu zuen Josu; honek nola saskiratzen zuen ikusten egotetik, azkenik harengana gerturatzera ausartu zen. Kanpoko kolegioetan —Lekaro zen, Tuteran, Iruñean...— saskibaloian aritzen zirenak batu ziren haiengana, eta Loiolako jesuiten atarian zegoen saskibaloiko jolastokia erabiltzeko baimena lortu zuten. Beraien artean entrenamenduak egin eta partidak jokatzetik, inguruko herrietako taldeen aurka lagunarteko norgehiagokak jokatzera pasatu ziren. Josuk Aguilasen berekin jokatzen zuten lagunei deitu zien taldea osatzeko; Anasagasti delako batez oroitzen da bereziki Fari; jauzia egin eta lurrera noiz itzuliko zen aztarrenik hartzen ez zaion horietakoa omen zen. Urola trena hartu eta Zumarragara joaten ziren, eta handik Legazpiraino edo Beasaineraino Javier Orbegozo, Xabier Azkargorta, Jose Ignacio Zurutuza, Fari, Esteban Urbieta, Josu Txapao... Norgehiagoka luzatzen baldin bazen, trenak ez ziela itxaroten jakinda, presaka kontraerasora jokatuz amaitu beharrean izaten ziren.