Lolo Encinas: ''Iraurgin eduki dudan jokalari taldea oso ona izan da''

  • EBA
  • 2006/12/13
  • Urola Kostako Hitza
img
Lolo Encinas Lan Mobel Iraurgiren partida batean.

Lolo Encinasek lau denboralditan entrenatu du Iraurgiko lehen taldea; orain entrenatzailea aldatu dute.

EBA Ligako Lan Mobel Iraurgi taldeko entrenatzailea aldatzea erabaki du Iraurgi Saskibaloi Elkarteko zuzendaritzak. Lau denboralditan Iraurgiko lehen taldea entrenatu du Lolo Encinasek (Donostia, 1974) eta bere tokia Jorge Elorduik beteko du. Encinas, astelehenean agurtu zen taldekideengandik.

Zuk taldea hartu zenuenean maila bat beherago zegoen Iraurgi, eta duela bi denboraldi EBA Ligara igotzea lortu zenuten. Urte hauez zer nolako balorazioa egiten duzu?

Batik bat, jende berria ezagutzeko aukera izan dut. Ni heldu nintzenetik Iraurgi asko hazi da, eta hazten jarraitzen du. Bertan, saskibaloiari asko eskaintzen dion jende asko dago. Gaur egun Gipuzkoan horrelako proiektu baten antzekorik ez dago.

Gaur egun Gipuzkoako bigarren taldea da Lan Mobel Iraurgi.

Lehen Arrasate eta Atletiko zeuden gaur egun gu gauden mailan, baina orain Lan Mobel Iraurgi da EBA Ligako Gipuzkoako talde bakarra. Gainera, urtez urte, Iraurgikoek gero eta antolatuago dute dena.

Horretan zuk zeuk ere zerikusia izango zenuen, ezta?

Zerikusi handiena Iraurgiko zuzendaritzak dauka. Nire lana lehen taldea entrenatzea izan da. Egia da ni Azpeitira etorri nintzenean Donostia aldetik jokalariak hasi zirela etortzen Iraurgira. Baina, batik bat, beheko mailako jokalariekin egiten ari diren lana da azpimarratzekoa.

Lan Mobel ISBko jokalari asko lehendik ere ezagutzen zenituen, ezta?

Taldean dauden hamabietatik zortzi edo bederatzi entrenatu izan ditut lehendik; Tejerina, Arzelus eta Giovannoni ez beste guztiak.

Hori ona edo txarra da?

Gaur esango dizut txarra dela, taldetik kanpo nagoelako. Baina orain arte ondo ibili naiz. Nik eduki dudan jokalari taldea oso ona izan da. Taldeko batzuk 4-5 urtean Donostian edota Azpeitian nirekin jokatzen aritu dira; ez didate hutsik egin eta hori eskertzekoa da. Azpeitian ere badaude jokalari batzuk etorri nintzetik nirekin egon direnak; esaterako, Alex Astigarraga eta Jon Arozena.

Iraurgin aritutakoan aurkitu duzun gauzarik positiboena zein izan da?

Saskibaloiaren inguruan dagoen giroa. Gipuzkoan ez dago beste leku bat Azpeitiak bezalako saskibaloi giroa duenik. Saskibaloian hezteko eta erakusteko dauden talde horiek ez daude leku askotan. Azpeitian beheko taldeetako jokalariak lehen taldeko entrenamenduak ikustera-eta etorri ohi dira. Lehen taldeko jokalariekin hitz egiten dute eta eredu bezala dituzte, gainera. Harrigarria da.

Eta negatiboena?

Negatiborik ez dago. Agian, azkarregi hazten ari da eta kontrol edota kontu pixka bat eduki beharko da.

Denboraldia nola ikusten duzu?

Azkena etxean jokatu genuen partida, Chantadaren aurkakoa, oso txarra izan zen. Baina orain partida bat irabazi orduko, erraz emango diote buelta. Larunbatean, etxean, Santurtziren aurkako derbian horretarako aukera dute. Taldea ez dago hain gaizki; kalitatea dago, maila dago. Berriro partida bat irabazten badute aurrera egingo dute.

Astelehenean agurtu zenituen taldekideak. Zer esan zenien?

Batik bat, nirekin urte gehien daramazkitenei eskerrak eman nizkien. Nik, gaur egun dauden 12ekin oso ondo pasatu dudala esan nien. Eta hemendik aurrera une txarretan bat izan daitezela, eta buelta azkar emango diotela ere esan nien. Jokalariak elkartuta badaude berehala emango diote buelta egoera honi, hori ziur. Justu, jokalariak agurtzen nengoen une horretantxe konturatu nintzen benetan banindoala eta ez naizela itzuliko.

Iraurgirekin harremanetan jarraituko al duzu?

Bai, EBA Ligako partidak ikusteko asmoa dut, eta baita kadeteenak eta jubenilenak ere. Baina orain talde bat entrenatzeko gogorik ez daukat, ez Iraurgin eta ez inon. Aurrerago interesatzen zaidan zerbait eskaintzen badit norbaitek, ikusiko dut. Taldean oso sartuta nengoen eta orain ez nago beste bat hartzeko gogoarekin. Orain saskibaloia ikusiko dut, ikusiz ikasten saiatuko naiz. Hanka sartu badut ikasi egin beharko dut, hobetu beharra dago.