1975-76.NESKEN ARRASTOA

img

Nesken Saski Baloi historiak ere, badu bere hasiera

Nesken talde bat ere aritzen zen lan saioak egiten: Mari Carmen Zendoia, Cristina Arregi, Marga Serna... Fari Garmendia izan zen neskak gidatzeko ardura hartu zuena. 1975-76 denboraldian federatu zen nesken lehen taldea. Sei talde zeuden txapelketan. Urolan ez zegoen neskak kirola egiteko ohiturarik, ez erreferentziarik; ez zen, beraz, txantxa, urte haietako pentsakizun itxian, galtza motzak jantzita, emakumea objetutzat zuten begirada lizunez paso egitea. Bide berria jorratzen ari ziren; neska haien adoreak izan du ondoriorik beste belaunaldientzat.

Bereziki gogoan dute Donostiara joan eta Ramon Aranburuk zuzentzen zuen Juvenen aurka 102-4 galdutako partida. Dena den, udaberriko txapelketan finalerdietara iritsi ziren...; orduan lau taldek parte hartzen zutela kontatzen dute ironiaz. Haien jarrera saritua izan zen ordea, eta kiroltasunaren saria eman zieten.

Baziren hiru neska azkoitiar Donostian jokatzen zutenak saskibaloian. Ana Eizagirre zen bat, eta goi mailan jokatzera iritsi zen; urteetan Espainiako selekzioan jokatu zuen. Begoña Zuazolazigorraga eta Cristina Arregik ere Donostirekin jokatzen zuten.

AZKOITIKO LAGUNARTE HURA
Hiru neska haiek Donostiara jokatzera joateak sortzen zien gastua zela eta, Bilboko Kaixokoen kontra lagunarteko partidu bat antolatu zen Azkoitiko plazan. Saskiak eraman zituzten, baina saskibaloiko jolas-eremua estu geratzen zen orduko plazan; lurrera torlojuz lotuak zeuden bankuak askatu behar izan zituzten saskiak jartzeko. Iñigo Agirre azkoitiarra aritu zen jokalariak aurkezten kioskora igota... mikrofonorik gabe. Herri kirol ikuskizuna ere izan zen, eta gero afari bat egin zuten antolatzaileek. Bat eta bestea, hasieran bezala geratu ziren.