1982-83. ESKOLARTEKO TXAPELKETATIK, HIRUGARREN MAILARA

img
Hirugarren Mailan parte hartu zuen taldea, lehenengo igoera

Iraurgik 1982-83 denboraldian lortu zuen mailaz igotzea;kluba sendotuz zihoan
Iraurgi sortu zenetik, Urola bailarari egin dizkion ekarpenetan bi azpimarratu behar dira. Lehena, Urola bailarako eskolarteko kirola bultzatzen izan duen ardura; hau da, 1980. hamarkadatik haurrak kirol mundura sartzearen alde egin den lana. Eta bigarrena, hein handi batean eskolarteko kirola sustatzeak ekarri zuena, eta zuzenki Iraurgiren helburuen artean ez zegoena: hain zuzen, Iraurgik bailarako emakumeak kirol mundura sartzen izan duen garrantzia. Sasoi batean futbola zen mutilentzako kirola, eta neskek egin zezaketen guztia mutilek futbolean nola jokatzen zuten ikusten egotea zen. Bailaran saskibaloia jokatzen hasi zenean, neska batzuk urratsa aurrera egitera eta galtza motzak janztera ausartu ziren. Gerora, eskolarteko txapelketak antolatzen hasi zirenetik, neskek saskibaloiaren aldeko apustua egin zuten. Zergatik? Gipuzkoa akonean neskek egina zuten kirol bakarra saskibaloia zelako. Eskolarteko txapelketak gorpuzten hastear ziren.
Egiari fidel izateko, aitortu beharra dago, eskolarteko txapelketetan saskibaloian neskek bakarrik izena ematen zutenean, Iraurgiko zenbaitzuei ez ziela grazia handirik egiten. Gerora, pixkanaka-pixkanaka, saskibaloia indartzen joan zen neurrian, mutilak ere hasi ziren sentikorragoak egiten saskibaloiarekiko. Gaur egun ez da entzuten saskibaloia nesken kirola denik, edo garai batean esaten zen bezala, neska-mutilena. Kirolaren ikuspegi banatzaile hura zegoenetik, gauzak asko al-datu dira zorionez, eta neskak, mutilak bezalaxe, atletismoan, txirrindularitzan, igerian, futbolean... aritzen dira; hori bai, zoritxarrez beti bigarren maila batean.