Erronka garrantzitsuak Lagun Onakentzat eta Lan Mobel Iraurgirentzat

Futbol taldeak Vitoria hartuko du igandean Garmendipen (16:30), azken bolada txarra alde batera utzi eta sailkapenaren atzekaldetik ihes egiteko helburuarekin. Saskibaloikoek, berriz, River Andorraren kantxan jokatuko dute gaur, ostirala (21:00). Andorrakoek igoera lor dezakete Iraurgikoei irabazita, eta Iurgi Caminosenek play-off-ak jokatzeko txartela dute jokoan.

Neurketa garrantzitsuak dituzte aste bukaeran herriko futbol eta saskibaloi talde nagusiek.

Futbolean, Hirugarren Mailako Lagun Onakek Vitoria hartuko du igandean Garmendipen (16:30), azken bolada txarra alde batera utzi eta sailkapenaren atzekaldetik ihes egiteko helburuarekin. Bost jardunaldi daramatza Iñaki Eskisabelen taldeak garaipenik gabe -bi partida berdindu eta hiru galdu dituzte- eta, une honetan, sailkapenean 14. postuan dago Lagun Onak, 33 punturekin. Hiru puntu gutxiago ditu igandean aurkari izango duen Vitoriak, 16. postuan. Talde arabarrean jokatzen du Jon Arrue azpeitiarrak, urte askoan Lagun Onaken aritutako aurrelariak.

Erregional Preferente mailako Lagun Onakek ere etxean jokatuko du aste bukaeran eta puntu garrantzitsuak izango ditu jokoan bihar, zapatua, Anaitasunaren kontrako derbian (18:30). Azpeitiarrak zein azkoitiarrak denboraldi bikaina ari dira osatzen. Lagun Onak koliderra da, 44 punturekin, eta Anaitasuna laugarren postuan dago, 39rekin.

Liderraren etxean
Lan Mobel Iraurgi saskibaloi taldekoek, berriz, Zilarrezko LEB Ligako liderra den River Andorraren kantxan jokatuko dute gaur, ostirala (21:00). Andorrakoek igoera lor dezakete Iraurgikoei irabazita, eta Iurgi Caminosenek play-off-ak jokatzeko txartela dute jokoan; bi taldeak efe beste emaitza batzuen zain geldituko lirateke gaurko neurketa irabaziz gero, euren helburuak matematikoki jardunaldi honetan lortzeko.

Ligan etxean jokatu dituzten orain arteko neurketa denak irabazi ditu Andorrak eta, beraz, ez du lan samurra Lan Mobelek.