Lehen garaipena

img

Zurt Taberna ISBk partidu serioa jokatu du eta Valladolideko San Isidro taldea mendean hartu du.

Partidu hasierako ezaugarri nagusia berdintasuna izan da, bai markagailuan eta baita kantxan ere. Bi taldeak defentsako lanean zentratu dira, baina erasoan ez dute asmatu. Apurka Valladolidekoak saskia aurkitzen hasi dira eta ehuneko onak eginez lehen aldeak lortu dituzte markagailuan. Zurt Taberna ISBk ondo defenditzen zuen arren arazoak izan ditu laguntzetan eta alde ahuleko mozketetan. Gure pibotak, fisikoki txikiago izan arren, izugarrizko lana egin dute eta horri esker markagailuko aldea ez da hain handia izan. Laurden horretan Barbara Arranz eta Silvia Martinez izan dira San Isidroko jokalari nabarmenenak, 6na puntu sartuta. Zurt Tabernatik berriz Garazi izan da puntu gehien lortu dituena: 4. Laurden amaieran 18 eta 11 atzetik amaitu dute Iraurgiko neskek.

Bigarren laurdena ildo beretik hasi da. Valladolidekoek errebotearen kontrola izan dute eta lasai jokatu dute, bitartean Zurtekoak ataskatuta egon dira erasoan. Baina Iraurgiko kanpoko jokalariak hiruko marratik asmatzen hasi dira eta apurka partiduko kontrola hartu dute. Defentsako lan ona fruituak ematen hasi da eta 2 eta 19ko partziala lortu dute gure neskek. Oso saskibaloi ona egin du momentu horietan Zurt Tabernak eta partiduari buelta eman die. Horrela atsedenaldira 4 puntutako abantailarekin iritsi dira gure neskak. Garazi (12 punturekin) eta Maitane (8 punturekin) izan dira erasoan erreferente.

Aldageletatik itzuleran Zurtek partiduko kontrola izaten jarraitu du. Joseba Lizarralderen neskek defentsako maila altuarekin jarraitu dute, errebotea kontrolatu dute eta erasoan pazientziz erasotu dute aurkarien zonakako defentsa. San Isidrokoek minutu gehiagotan jarraitu dute defentsa horrekin Iraurgikoek huts egingo zutelakoan, baina ez da horrela izan. Pare bat jokaldi eginda San Isidro markagailuan gerturatu da, baina Intzak erasoko ardura hartu eta beste partziala egin du Zurt Tabernak. Hirugarren laurdena 8 puntuz irabazten amaitu du Iraurgiko taldeak.

Zurt Tabernak zuen abantaila ikusita erasoan lasai jokatzea erabaki du. Defentsako maila altuarekin jarraitu du eta erasoan lasai mugitu du baloia. Ehunekoak ez dira onak izan, ordea, eta horri esker Valladolidekoak partiduan jarraitu dute. Izquierdok taldeari defentsako maila igo arazi dio, baina Iraurgiko taldeak ez du arazorik izan eta burua hotz mantendu du. Partidua amaitzeko bi minutu falta zirela 11 puntugatik irabazten zuen Zurt Taberna ISBk. Valladolidekoek bihotza eta gogoa jarri dituzte horri buelta emateko, baina ezin izan dute. Azkenean 53 eta 59 amaitu da partidua.

Meritu handiko partidua gure neskentzat juniorrik gabe jokatu baitute partidua. Gutxi izan arren, ordea, gogor borrokatu du jokalari bakoitzak eta merezitako garaipena lortu dute.

Garazi Arregi (18 puntu / 20ko balorazioa), Intza Lizarazu (16 puntu / 19ko balorazioa) eta Maitane Gurrutxaga (14 puntu / 8 errebote /19ko balorazioa) izan dira partiduko jokalari nabarmenenak.

Bárbara Arranz (11 puntu / 14ko balorazioa) eta Cristina Soriano (9 puntu / 19 errebote / 26ko balorazioa) izan dira San Isidroko jokalari nabarmenenak.

- 02 SAN ISIDRO-ZURT TABERNA ISB.pdf