Partidu txarra jokatuta ere Decoramik garaile

Bera Berari 43 eta 26 irabazi zioten, batez ere bigarren zatian egindako lanagatik

Decoramikeko neskek garaipen berri bat lortu zuten asteburuan. Hori bai, joko ona egin gabe eta bigarren zatian egindako lanagatik lortu zuten. Aurreko asteetan izandako atsedenagatik edo… baina azpeitiarrek ez zuten ondo hasi neurketa. Erasoan eta defentsan huts askotxo egin zituzten, eta lehen laurdenaren amaiera arte ez zuten markagailuan nolabaiteko lasaitasuna edukitzerik izan. Bigarren laurdenean baina, gauzak okertu egin ziren. Ideia gutxi erasoan eta defentsan zuloak utziz bata bestearen atzetik, laurdena galdu zuten etxekoek, baina hala ere atsedenaldira aurretik joan ziren: 22 eta 16.

Aldageletatik bueltan jarrera aldaketa bat ikusi zen ISBko nesken artean eta goian presionatuz ekin zioten defentsako lanari. Horrek baloi asko berreskuratu ahal izatea ahalbidetu zien eta azkenerako markagailuan alde handi xamarrarekin amaitu zuten partidua: 43 eta 26.

Saskiratzaileak: (15 - 4, 7 - 12, 8 - 4, 13 – 6)

DECORAMIK: A.Olabarria (5),Maitane (16), Libe (1), Begoña (6), Eider (2), Laura (2), A. Gurrutxaga, A. Kerejeta, M. Ibarzabal (1), M. Caballero eta Maria (10)