Urtero bezala, Zerbeza Feria prest!!

img
Argazkia: Iraurgi SB

Ostiralean izango du irekiera ekitaldia eta hilaren 5, 6, 11, 12 eta 13an egongo da zabalik.

Dagoeneko tradizio bihurtu da Iraurgi SBk, Bertan Merkatari Elkarteak eta Azpeitiko Udalak Berdura plazan antolatzen duten Zerbeza feria; aurtengoa laugarren edizioa izango da. Iaz bezala, gainera, bi asteburutan egongo da zabalik eta bertan zerbezarik onena eta jaki goxoak dastatzeko aukera egongo da.

Urtero bezala, musika izango da zuzenean, baina aurtengoan emanaldi gehiago egongo dira, lau egunetan egongo baita kontzerturen bat. Lehenengo asteburuan gainera pantaila erraldoian Reala eta Betisen arteko neurketa zuzenean ikusteko aukera egongo da. Eta garagardoa protagonista nagusia izanda, berrikuntzaren bat egon behar zen baita ere zerbezetan: 12 garagardo desberdin probatzeko aukera izango dute 550 pertsona sartzeko ahalmena duen Berdura Plazara gerturatzen direnek, iaz baino bi gehiago. Eskaintza berezia ere egongo da aurtengoan, izan ere, bost garagardo erosten dituenak, seigarrena dohainik izango du eta gainera aipatzekoa da, aurtengoan lehen aldiz, leku faltarik ez edukitzeko, ateak ireki aurretik mahaiak erreserbatzeko aukera ere egongo dela. Eta jatekoa ere ez da faltako noski, ohiko saltxitxa eta ukondoez gain, oilasko errea ere jan ahal izango da.
Bestalde, eta iaz egin zen bezala, Mus Txapelketa Azkarra ere jokatuko da “Pilarika” egunean. Berdura Plazan izango da, 15:30tan hasita. 15:00ak bitartean eman ahal izango da izena, eta bikoteko 30 euro ordaindu beharko dute parte-hartzaileek. Lau errege eta usteletara jokatuko da, eta hainbat sari izango dira lehenengo lau sailkatuentzat. Txapeldunek 400 euro, txapela eta afaria irabaziko dituzte. Bigarren bikoteak 200 euro eta afaria. Hirugarren sailkatzen direnek 100 euro eta afaria eskuratuko dituzte eta, laugarrenek, afaria.

Iraurgi SB taldeen aurkezpena

Eta Zerbeza feriari hasiera emateko zein modu egokiagoa Iraurgi SB klubak dituen talde guztien aurkezpena egitea baino? Ostiralean 20:00tan izango da 2012-13 denboraldirako ISBren proiektu berrien aurkezpena. Bertan izango dira maila guztietako jokalariak. Zilarrezko Addeco liga jokatuko duen taldeaz gain, kadete, senior, junior eta infantilak ere bertan egongo dira. Guztira 21 talde eta 230 jokalaritik gora.

Gainera klubeko bazkide kanpaina ere habian dago eta nahiz eta BEZa igo egin den, Iraurgi SBk ez ditu prezioak igoko eta iaz bezala, denboraldi guztiko neurketak ikusi ahal izateko, Familiako bazkidetza 120 euro ordaindu beharko da, 20 urtetik beherakoek 30 euro eta 20 urte baino gehiago dituztenek berriz, 70 euro bakarrik ordaindu beharko dituzte. Zerbeza ferian bazkide egiten denak gainera, saria ere izango du, garagardo bat dohainik oparituko baitzaio.

Beraz, Zerbeza Feriara ez joateko aitzakiarik ez dago. Guztiak gonbidatuta daude!!