Azpeitia Azkoitia ISB da Iraurgiren marka berria

img
Argazkia: Ariane Retegi

Bi udalek Gipuzkoa barrutik ezagutuz lelopean lagunduko diote klubari eta Zilarrezko LEB ligako taldeak izena aldatuko du honenbestez.

Gaur eguerdian Loiola Hotelean bildu dira Azpeitiko eta Azkoitiko alkateak, Iraurgi Saskibaloi Klubeko eta Gipuzkoa Basketeko ordezkariak eta Zilarrezko Leb ligako taldeko jokalari eta entrenatzaileak besteak beste motibo zehatz batekin: Azpeitia Azkoitia ISB marka aurkeztea hain zuzen ere. Hau izango da eta hemendik aurrera Iraurgi Saskibaloi klubak izango duen marka berria.

Gipuzkoa barrutik ezagutuz lelopean Azpeitiko eta Azkoitiko udalek euren babesa eman nahi izan diote Iraurgiri eta klubeko talde nagusiak (Zilarrezko LEB ligan aritzen denak) hemendik aurrera Azpeitia Azkoitia ISB izena hartuko du. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak adierazi duenez sostengua ematearen arrazoia “Iraurgik Azpeitia eta Azkoitia gure baloreekin hainbat lekutan ordezkatzeko egiten duen ahalegina” da. “Saskibaloi taldeak Hego Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan, Andaluzian edo Galizian barrena ere ibiltzen dira, eta horregatik pentsatu dugu, gure herrien markak sustatzeko ezin hobeak direla Iraurgi Saskibaloiko taldeak". Beraz, Iraurgi “enbaxadore ezin hobea” dela uste du Etxeberriak: “Azpeitia eta Azkoitiaren isla dira jokalariak eta taldea, eta beraz, gure herri sentimenduarekin uztartzen da taldea”. Herri izaeraz gain, taldean aritzea bezalako baloreak goraipatu ditu Etxeberriak eta “elkartasunaren garrantzia” azpimarratzeaz gain, Udalek jokalariei kantxa gainean jarrera eskatuko dietela adierazi du.

Gipuzkoa Basketeko Presidente Alvaro Bilbaok ere euren babesa eskaini nahi izan du Xabier Euskitzek gidatu duen aurkezpen ekitaldian. “Ahal dugun neurrian beti lagunduko dugu Azpeitia Azkoitia ISB” izan ere “gure beso bat” klub hau eta Iraurgiren jarduna zoriontzeaz gain "proiektu honek bizirik jarraitzea garrantzitsua" dela azpimarratu du.

Pedro Azpizuak, Hotel Loiolako nagusiak, Zilarrezko Leb ligako taldeak izango duen jantzi berria nolakoa den ikusi ahal izan du aurrez aurre eta hainbeste urtean Iraurgi kluba laguntzen ibili eta gero, oraindik ere “urte askoan elkarrekin lanean segitzeko asmoa” agertu du.

Gogoratu behar da Iraurgi Saskibaloi klubak 30 urte dituela dagoeneko eta Jose Luis Zubizarretak adierazi duen moduan, “orain dela 10 urte 30 jokalari besterik ez zeuden klubean eta gaur egun 400etik gora dira bertan aritzen direnak”