Euskal Selekzioarekin Barakaldon

img
Argazkia: basketbasko.com

Maite Lizarazu eta Itsaso Astigarraga sartu ditu aurre-selekzioan hautatzaileak.

Dagoeneko badakigu bosgarren “Barakaldo Hiria” txapelketari buruzko datu gehiago. Bizkaiko Saskibaloi Federazioak antolatzen duen torneoak 18 urtez azpiko Europako selekzio onenetakoak batzen ditu urtero. Europako Txapelketa prestatzeko asmoz etortzen dira gainera guztiak. Aurtengoan, nesken txapelketa antolatzea egokitu da eta dagoeneko badakigu zein selekziok hartuko duten parte: Espainia, Italia, Serbia eta Euskadi. Eta azken honekin txapelketan parte hartzeko aurre-selekzioan Iraurgiko bi neska deitu ditu Jordi Llopis hautatzaileak: Maite Lizarazu eta Itsaso Astigarraga.

Txapelketa interesgarri honetan, Espainia, gaur egungo Munduko azpi-txapelduna dena ikusi ahal izango da, baina Italiako selekzioa ere ez zaio atzean gelditzen, orain bi urte Europako azpi-txapeldun amaitu baitzuen. Eta zer esan Serbiari buruz, balkanikoak Europan punta-puntan ibiltzen dira beti. Euskadik beraz aurkari zailak izango ditu, baina maila horretan lehia dezakeela erakutsi nahiko du eta horregatik hainbat entrenamendu prestatu ditu egunotan. Aurreko igandean elkartu ziren neskak Eibarren eta igande honetan ere entrenamendu bikoitza burutuko dute Eibarko Unibertsitate Laboralean. Lehena goizeko 10:30tan eta horregatik goizeko 10etarako bertan izan beharko dira; bigarrena berriz, bazkaldu eta gero egingo dute.

“Barakaldo Hiria” txapelketaren ordutegia honako hau da:

Larunbata, Abenduak 29:
-17:30: Espainia-Serbia
-19:30: Euskadi-Italia

Igandea, Abenduak 30:
-10:30: Hirugarren eta laugarren postua
-12:30: Finala