Saskibaloiak ez du etenik oporretan

img
Argazkia: basketbasko.com

Kadete, infantil eta mini mailako neska-mutilek lana izango dute egun hauetan.

Bai Gipuzkoako eta baita Euskadiko ligek ere atsedena izan ohi dute Gabon egun hauetan. Baina jokalari askok ez dute atsedenik hartzen, selekzioek egun hauek aprobetxatzen baitituzte lan egin ahal izateko.
Kadete mailan adibidez, Euskadiko Selekzioak gaur bertan hasi eta hilaren 6a bitartean Zaragozan jokatuko den Espainiako Txapelketan presente egongo da eta bertan izango dira Iraurgiko lau jokalari: Aitor Astigarraga mutilei dagokienez eta Maite Galdos, Eneritz Larrañaga eta Mirari Ugarte nesken selekzioari dagokionez. Azken asteetan entrenamendu saio batzuk izan dituzte Txapelketa ahalik eta hobeen prestatu ahal izateko. Klubetik zorterik onena opa diegu.
Kadeteetan gertatzen den moduan, infantil mailako autonomia desberdinek ere Espainiako Txapelketa jokatuko dute aurki. Bertan izango dira baita nesken eta mutilen Euskal Selekzioa ere eta horregatik hauek ere entrenamendu saio batzuk egin behar izan dituzte eta ostirala bitarte ere entrenatzen jarraituko dute. Bertan izan dira Iraurgiko Ana Ugarte, Larraitz Larrañaga eta Aitor Arrieta.
Miniek Euskadiko Txapelketa begi-mugan
Batzuek Espainiako Txapelketa prestatu behar duten moduan, txikienak Euskadiko prestatzen hasi dira dagoeneko.Balmasedan, Bizkaian jokatuko da txapelketa hau urtarrilaren 11 eta 13a bitartean eta gure miniak, Manteo kiroldegian dena prestatzen dabiltza joan den abenduaren 23a ezkero. Oraindik hala ere, izango dituzte entrenamendu saio eta lagun arteko neurketa gehiago txapelketa iritsi bitartean. Besteak beste hauek:
- Ostirala, urtarrilak 4: Entrenamendua arratsaldeko 15:30tatik 17:00tara
- Larunbata, urtarrilak 5: Infantil errendimendu talde batzuen aurkako lagun artekoa.
Entrenamendu saio horietarako ere, Iraurgiko hainbat jokalari deitu dituzten hautatzaileek: Maite Merketegi, Nerea Soraluze, Alaitz Ezama, María Otaegi, Miren Ezama eta Alazne Lizundia neskei dagokienez; eta Xuban Etxeberria, Garikoitz Olazabal, Beñat Garmendia, Asier Garate, Iñaki Bereziartua mutilei dagokienez.
Barakaldo Hiria txapelketan Euskadi bigarren
Bien bitartean, aurreko asteburuan Barakaldo Hiria Nazioarteko Txapelketaren bosgarren edizioa jokatu zen. Bertan izan ziren Espainia, Italia, Serbia eta Euskadiko 18 urtez azpiko nesken selekzioak eta Euskal Selekzioarekin Iraurgiko bi jokalarik hartu zuten parte: Maite Lizarazu eta Itsaso Astigarraga. Gainera Jordi Llopisek zuzentzen duen taldeak egundoko txapelketa burutu du. Izan ere, final-erdietan Italia garaitzeko kapaz izan ziren eta kontutan hartuta italiarrak Europako azpi-txapeldun irten zirela duela bi urte, ez da marka makala. Egia da finalean Espainiaren aurka ez zutela zer eginik eduki, baina hasieran jarritako helburua behintzat bete dute: Europako selekzio handienekin lehiatzeko moduan dago Euskal Selekzioa.
Zorionak!!