Betiko Kafea A ISB Gipuzkoako Txapeldun

img
Argazkia: Iraurgi SB

Betiko Kafea mutilak ISB berriz, azpi-txapeldun gelditu zen Easo 01 Pagoetaren aurka 49 eta 48 galdu eta gero.

Igande goiz bikaina bizi ahal izan zen Azkoitiko Elkargunean. 150 pertsonatik gora harmailetan alebin mailako Gipuzkoako finala ikusten, neska-mutilen jokoaz gozatzen eta euren taldeak gogo biziz animatzen. Giro ezin hobea jarri zuten Iraurgiko eta Easoko zaleek. Gainera klub bakoitzak partidu bat irabazi zuen.
Nesken finalarekin hasi zen goiza. Neurketa oso parekatua izan zen. Batzuek aurretik momentu batean, besteak hurrengoan. Donostiarrek baina gauza bat izan zuten alde, errebotean sekulako mina egin zutela. Horrek baliatu zien laugarren laurdenean 6 puntuko abantaila eskuratzea. Gutxika-gutxika bazirudien Easoren alde jotzen zuela balantzak, baina etxekoek asko sendotu zuten euren defentsa bosgarren laurdenean eta kontraeraso eta jokaldi azkarrekin markagailuari buelta ematea lortu zuten. Aurretik jarri eta abantaila kudeatzen bikain jakin izan zuten. Gainera, faltekin arazoak izaten hasi ziren donostiarrak eta euren ezina nabaria izaten hasi zen. Azkenerako aldea zabaldu zuten gainera Betiko Kafea A ISBko neskek eta 48 eta 41 irabazten amaitu zuten. Garaipen honi esker gainera, Euskadiko Mini mailako Txapelketan parte hartu ahal izango dute.
Neskena amaitu bezain laster, mutilen txanda etorri zen. Oraingo honetan ere, Easoko eta Iraurgiko bi talde aurrez aurre: Easo 01 Pagoeta eta Betiko Kafea Mutilak ISB. Bi taldeek ondo ezagutzen zuten elkar eta neurketa parekatua espero zen. Eta halaxe izan zen. Etxekoak hobeto hasi ziren, baloia ondo mugituz eta aukera onena bilatuaz,baina donostiarrek erantzuten jakin izan zuten eta azken segundoan zelai erditik lortutako hiruko batekin 11 eta 14 amaitu zuten lehen laurdena. Hortik aurrera dena oso parekatua izan zen. Batzuek saskiratzea lortzen zuten bezain pronto, besteek erantzuten asmatzen zuten. Gehienez 4 puntuko abantaila izan zuten donostiarrek. Baina partidua aurrera joan ahala, urduritasunak jota edo, eta defentsa onak egin arren, erasoan akats gehiegi egiten hasi ziren Iraurgikoak. Saskiratzeak lortzea beraz ez zitzaien bat ere erraza egin eta horri, Easokoak errebotean nagusi zirela gehitzen baldin badiogu, harmailetako zaleek donostiarren abantailak gutxika-gutxika gora nola egiten zuen ikusi ahal izan zuten. Azken minutuetara 7 puntuko abantailarekin iritsi zen Easo, baina barruan zuten guztia aterata eta agian bihotzarekin buruarekin baino gehiago jokatuta, bi puntura jarri ziren minutu baten faltan ISBkoak. Azkenean baina, jaurtiketa libreen marratik gehiago asmatuta eta etxekoen akatsen bat tarteko, 49 eta 48ko emaitzarekin garaile irten zen Easo 01 Pagoeta.
Sein mutilak ISB Gipuzkoako azpi-txapeldun
Asteburu honetan beste Gipuzkoako final bat jokatu da Iraurgi SBko talde bat bertan zegoelarik. Sein Mutilak ISBk Cafes Aitona Askatuaken aurka jokatu zen junior Errendimendu mailako Gipuzkoako Txapelketako finala. Donostiarrak oso nagusi izan ziren eta gainera Iraurgikoek ez zuten jaurtiketa libreen marratik gehiegi asmatu. Azkenean 65 eta 87 amaitu zen neurketa eta beraz azpi-txapeldun izaten amaitu zuen Sein Mutilak ISBk.