Movilquick Azpeitia ISB Espainiako 16 onenen artean

img
Argazkia: Iraurgi SB

Glual Hydraulics ISBk berriz, bere multzoko hirugarren postuan amaitu du

Espainiako Junior Txapelketak jokatzen ari dira asteon eta bertan izan ditugu Iraurgi SBko bi talde. Glual Hydraulics ISBko mutilak Galizia aldean egon dira jokatzen, Movilquick Azpeitia ISBko neskak berriz, Zaragozan.
Aritz Aldalurren esanetara sekulako txapelketa burutu dute junior neskek. Txapelketako lehen egunean goizean goiz jaiki behar izan zuten Balearretako Pizzeria Plaza Imprenta Bahía taldearen aurka jokatzeko, baina txarretik baino onetik izan zuen horrek, 44 eta 60 irabazteko kapaz izan baitziren gipuzkoarrak. Bigarren egunean Asturiasko lehen sailkatuaren aurka jokatu behar izan zuten eta hemen ere garaile irten ziren, neurketa guztian nagusi izan eta gero, 58 eta 47. Garaipen honekin hurrengo faserako txartela lortu zuten Movilquickekoek, baina multzoko lehen edo bigarren izango ziren Snatt’s Femeni Sant Adria taldearen kontra jokatu ostean jakingo zuten. Kataluniarrak txapelketako talderik indartsuenetako dira, final-erdietara iritsi izanak erakusten duen moduan, eta lehen zatian Urola bailarakoek aurre egin ahal izan baitzuten ere, azkenerako 72 eta 51 galtzen amaitu zuten. E multzoko bigarren sailkatu eta gero, Madrileko lehen taldearen kontra jokatu behar izan zuten Movilquickekoek final-zortzirenak. Zorte handirik ez zuten izan gipuzkoarrek, Rivas Ecopolis ere benetan talde indartsua baita, finalera iristeko faboritoetako bat, eta zuten guztia eman zuten arren, azkenerako logika gailendu eta ez zen sorpresarik egon. Hala ere, txapela kentzeko moduko torneoa jokatuta itzuli dira etxera, Espainiako 16 onenen artean jarrita euren taldea.
Glual Hydraulics ISBko mutilei dagokienez, azken unean lortu zuten txapelketarako txartela, Euskadiko hirugarren sailkatu bezala lortu ere. Agian horregatik eta zoriak horrela nahi izan duelako, baina multzorik zailenetakoan egokitu zitzaien jokatzea. Bertan, Europako Txapeldun irten berri den DKV Joventut, Kanarietako CBA Heidelberg eta etxean jokatzen zuen Instituto Rosalía izan zituzten aurkari. Lehen neurketa Kanariar uharteetako taldearen kontra jokatu zuten. Taldeak sekulako neurketa jokatu zuen baina fisikoki ahulagoak izanda eta epaileek utzitako kontaktu maila altua tarteko, 55 eta 58 galtzen amaitu zuten. Notizi txarrak ziren horiek, hurrengo egunean txapelketa irabazteko faborito nagusiaren aurka jokatu behar baitzuten. Pronostikoak guztiz bete ziren eta Badalonako Joventutek egurra eman zien gipuzkoarrei, hauek neurketa txarra jokatu ez bazuten ere. Hirugarren eta azken neurketan etorri zen txapelketan lortutako garaipen bakarra. Eta gaizkien jokatutako neurketan, baina garaipenak garaipen dira eta 57 eta 59 irabazi eta gero hirugarren postuan sailkatu dira Ander Arrutiren mutilak.
Aitor Zubizarreta lehen faseko saskiratzaile nagusia
Final-zortzirenetara ezin izan da pasa Glual Hydraulics ISB baina lehen fasean eman du zer esana. Aitor Zubizarretak adibidez, txapelketa bikaina burutu du eta lehen faseko saskiratzaile onena eta jokalari baloratuena bezala amaitu du, partiduko 20 puntu sartuta eta 19,7ko balorazioa lortuta bataz beste. Azken neurketan adibidez, bere karrera estatu Batuetako Portland Pilots taldean jarraituko duen joko antolatzaileak 30 puntu sartu zituen eta 8 errebote eskuratu.
Xabier Orozek ere bere taldean daukan garrantzia erakutsi zuen eta baloi lapurtuen sailkapenean, bigarren gelditu da, neurketako 3 baloi berreskuratuta batez beste.