Betiko Kafea A ISB eta Sarralle ISB Euskadiko Txapeldun!

img
Argazkia: Betiko Kafea A ISB Txapeldun (Iraurgi SB)

Errotaundi ISBk berriz, Tolosaren kontra finala luzapenean galdu eta gero ezin izango du Autonomika mailara igo.

Asteburu ia borobila izan da Iraurgi SBrentzat aurrekoa, bi maila ezberdinetan Euskadiko Txapeldun izatea lortu baitu eta lehen erregionalean finala irabazi eta mailaz igotzeko puntuan egon baita Errotaundi ISB.
Pasa den larunbat eta igandean durangaldean alebin eta infantil mailako Euskadiko Txapelketak jokatu ziren, hiru probintzietako talde onenekin. Bertan izan genituen Iraurgi SBko bi talde eta biek ere jokatutako bi neurketak irabazita Euskadiko Txapeldun izanez amaitu zuten asteburua. Infantil mailan Sarralle ISBk ez zuen aurkaririk izan Durangoko Tabira kiroldegian jokatutako neurketetan. Lehenengoan Gasteizko San Viator B izan zuten aurrean eta oso nagusi agertu ziren gipuzkoarrak. Erraz irabazi zuten: 74 eta 47. Bigarren neurketa irabaztearekin nahikoa zuten txapeldun izateko, baina bigarren hori jokatu beharrik ere ez zuten eduki. Izan ere, Bizkaiko Seber Altube taldea ez zen neurketara aurkeztu eta 20 eta 0ko emaitzarekin garaipena eman zioten Sarralle ISBri; Euskadiko Txapela ematen dion garaipena. Alebinetan berriz, Betiko Kafea A ISBk zertxobait gehiago sufritu behar izan zuen Berrizen jokatutako txapelketan. Lehen neurketa erraz xamar irabazi bazuen ere, lehenengo zatira arte estu hartu zuen Gasteizko San Viatorrek. Bigarren zatian baina, gauzak bere onera ekarri eta 78 eta 39 irabazten amaitu zuten. Igandean Bilboko Loiola Indautxuren aurka neurtu behar izan zituzten indarrak. Larunbatekoa baino neurketa parekatuagoa espero zen eta halaxe izan zen, nahiz eta azkenerako 64 eta 56 irabazten amaitu zuen Betiko Kafea Ak, alebin mailako Euskadiko Txapeldun bezala amaituz.
Merezi izan du baita ere Errotaundi ISBk txapelarekin amaitzea denboraldia Gipuzkoako Lehen maila Erregionalean. Zortea baina, ez du aldeko izan, eta finaleko luzapenean bi puntugatik galduta, Autonomikara igotzeko ametsei agur esan behar izan die. Tolosan jokatu zuten Lauko Finala. Larunbatean faborito nagusienaren aurka neurtu behar izan zituzten indarrak final-erdietan. Santo Tomas Lizeoak lehen postuan amaitu du fase erregularra eta ISBkoei denboraldian zehar bi alditan irabazi dien talde bakarra izan da, baina Errotaundikoek urduritasuna alde batera utzi eta donostiarrei aurre egiten jakin izan zuten. Partidu guztian zehar markagailuan aurretik joan eta Lizeokoen ahalegin guztiak ezerezean utzita 40 eta 47 irabazten amaitu zuten. Garaipen horrekin igandeko finalerako txartela lortu zuten eta bertan etxeko taldearen aurka jokatu behar izan zuten. Bi taldeek ondo ezagutzen zuten elkar eta parekotasuna ikaragarria izan zen neurketa guztian zehar. 51nako berdinketarekin amaitu ziren aurreneko 40 minutuak. Minutu eta erdiren faltan bat goitik ziren ISBkoak baina gerora Txapelketako MVP-a izendatuko zuten Kike Condek hirukoa sartu eta azken 17 segundoetan Errotaundikoak ez ziren saskiratze bat lortzeko kapaz izan eta 63 eta 61koarekin TAKE Orbela taldeak garaipena eta Autonomika mailara igotzea lortu zuen.
Zorionak guztiei egindako denboraldi bikainagatik!!