Iraurgi SB Tolosako TAKEren 25. urteurrenean

img
Argazkia: TAKE

Ekainaren 8an Tolosako Euskal Herria Plazan egingo den 4x4 Saski Gaua Txapelketan parte hartuko du.

Tolosako TAKE saskibaloi elkarteak 25 urte betetzen ditu aurten eta hainbat ekintza antolatu ditu zifra polit hau ospatu ahal izateko. Ekintza horietatik agian deigarriena ekainaren 8an Tolosako Euskal Herria Plazan burutuko dutena izango da. 4x4 Saski Gaua izenpean, gizonezko eta emakumezkoen neurketak ikusia ahal izango dira arratsaldeko 18:00tan hasi eta gaueko 02:00 bitartean.

Euskal Herri guztitik etorritako nesken lau talde egongo dira eta mutilen beste lau, eta nola ez, Iraurgi SBk ezin zuen zitara huts egin. Neurketa benetan interesgarriak izango dira, eta ez bakarrik gauez jokatuko direlako. Arau bereziak egongo dira, 20 minutuko edo 30 puntura jokatutako neurketak izango dira eta joko azkarra bilatuko denez 14 segundoko baloi jabetzak bakarrik izango dituzte jokalariek. Talde guztiek guztien kontra jokatuko dute nesken eta mutilen arteko neurketen alternantzia egingo delarik. Horretarako TAKEko kideek saskibaloi kantxa eta argiztapen bereziak eta harmaila batzuk jarriko dituzte. Maila bakoitzeko bi talde onenak pasako dira finalera eta nola ez, sariak ere egongo dira, irabazleek elikagai bikainez osatutako saskiak jasoko baitituzte; jokalari bakoitzak bana.

Hala ere, saria da gutxienekoa, guztiak batera, saskibaloiak batuta, jai bikainaz eta giro paregabeaz gozatzeko aukera izango baitute.