Pausoz pauso egiten da bidea

img
Foto: Iraurgi SB

Errotaundi ISBk bere jokoan aurrerapauso bat eman zuen Tolosan 59 eta 52 luzapenean galdu arren.

Garaipen ez da iritsi oraindik Errotaundi ISBren kasilatxora, baina aurreko astearekin alderatuta, “okinek” aurrerapauso bat eman dutela esan daiteke. Aurrerapauso jokoan eta baita jarreran ere.
Tolosara bueltatu ziren ISBkoak pasa den larunbatean, iaz igoeratik puntu bakarrera utzi zuen taldearen kontra jokatzera eta TAKEren aurkako partiduak ohiko bihurtu diren moduan, oso neurketa trabatua izan zen. Puntu gutxikoa baina oso lehiatua. Interren kontra gertatu zena ikusita, astean zehar errebotea lantzen ibili ziren Errotaundikoak eta igarri egin zen, errebotean oso nagusi izan baitziren, bai defentsakotan eta baita erasokoetan ere. Hala ere, ezin esan taula azpian nagusi izan zirenik ISBkoak, etxekoek 6 txapela jartzea lortu baitzuten eta ez zutelako erraz jarri zona barruan saskiratu ahal izatea. Zonakako defentsa itxia egin zuten ohitura duten bezala TAKEkoek eta baloia alde batera eta bestera mugitzera behartu zituzten kanpotarrak. Ondo moldatu ziren lan horretan “okinak” baina kanpotik jaurtitzerako orduan ez ziren finegi ibili. Egia esan taldeak ez dauka jaurtitzaile finko bat eta defentsa itxien aurka sufritu egiten du.
Etxekoek agindu zuten markagailuan minutu gehienetan, baina neurketa ia erabakita zegoela zirudienean, besoak ez dituztela jaitsiko erakutsita, partzial ederra alde egin eta Imanolek bozina joka zuela sartutako hiruko batekin luzapenera bidali zuen partidua. 5 minutu estra horietan etxekoek ondo jakin izan zuten neurketa euren alde jartzen eta azkenerako 59 eta 52 irabazi zuten. Baina bidea pausoz pauso egiten omen da, eta Errotaundi ISBk eman du pausoa aurrera aste batetik bestera. Datorren asteburuan beste aurkari gogor bati aurre egin beharko diote, Santo Tomas Lizeoari hain zuzen ere. Ia pausoa ez den atzera ematen.
ERROTAUNDI ISB: Mugerza (8), Uria (6), Garcia (3), Beobide (3), Urbizu (5), Olano, Zabarte (10), Iriarte (5), Larrañaga, Arrieta (6), Juaristi, Altuna (6).