Defentsako lanean oinarritutako garaipena

img
Argazkia: Iraurgi SB

Zurt Taberna ISBk bere bigarren garaipena erdietsi du Getxon 54 eta 64 irabazi eta gero.

Gutxik pentsatuko lukete Zurt Taberna ISB sailkapeneko lehen postura iristeko kapaz izango zenik, baina neska hauek partiduz partidu erakusten duten gogo eta kemenarekin edozer lortzeko kapaz dira, baita Lehen mailako lehen postua lortzea ere. Denboraldia hasi berri besterik ez da egin, baina bi partidu jokatu eta bietan garaipena lortzea ez da erraza izaten.

Getxon, aurrekoan Atco. San Sebastianen aurka egin moduan, topera irten ziren lehenbailehen markagailuan aurre hartu ahal izateko eta ahalik eta alde handiena zabaltzen ahaleginduz, gerora lasaiago jokatu ahal izateko. Di-da batean 13 eta 2ko partziala egin eta neurketan zehar zeinek zuen agintzeko asmoa segituan plazaratu zuten. Bigarren laurdenean baina, Zurtekoen minuturik txarrenak etorri ziren. Ez defentsako lanean ez eta erasokoan ez zuten asmatu. Gutxika-gutxika etxekoek markagailuari buelta nola ematen zioten ikusi behar izan zuten eta nahiz eta defentsa aldaketak proposatu zituzten Getxokoak nahasteko asmoarekin, bizkaitarrak oso fin ibili ziren jaurtiketetan, batez ere hiruko marratik eta atsedenaldira bost gora joan ziren: 38-33.

Atsedenaldiak ideiak freskatzeko balio izan zuen eta neurketa aurrera ateratzeko bidea defentsan zegoela argi gelditu zitzaien. Entzun eta egin. Etxekoek bi puntu besterik ez zituzten sartu laurden guztian eta nahiz eta erasoko jokoa ez zen guztiz ona izan, berriz ere markagailuan agintzen hastea lortu zuten Zurtekoek. Zailena eginda zegoen, baina lanean jarraitu beharra zegoen. Azken laurdena hasi bezain pronto 5 eta 0ko partziala egin eta partidua erabakita uzten hasi ziren gipuzkoarrak. Izan ere, hortik aurrera abantaila hori mantentzea izan zuten helburu ISBkoek eta markagailua bikain kudeatu zuten hortik eta amaiera arte. Azkenean 54 eta 64 eta bitik bi.

Saskiratzaileak: (17-24/21-9/2-11/14-20)

GETXO SB: Hernandez (12), Lafuente, Raton (3), Astobiza (10), Urresti (4), Schmitt (3), Mazo, Dominguez (2), Rebollo (4), Bueso (10), Infante (6).

ZURT TABERNA ISB: Garazi (16), E. Iturralde (3), Ana (14), Irati (2), Maite, Intza (11), Berezi (3), E. Bereziartua (3), Itsaso (12)