Saskibaloi gosea

img
Argazkia: Kirol Aukera ISB

Kirol Aukera ISBk egunduko erraztasunarekin irabazi zuen Oñatin, Aloña Mendiren aurka: 29-105.

Gogotsu hasi du denboraldia Kirol Aukera ISBk. Jokatutako bi neurketak irabazteaz gain, sekulako markagailuak lortu dituzte, lehen partiduan 98 puntu sartu bazituzten, bigarrenean 105 egin dituzte. Ez da erraza maila hauetan horrelako emaitzak lortzea eta maila baxuagoa duten aurkarien kontra jokatu badute ere, argi dago saskibaloi gose ikaragarria dutela Iraurgiko jokalariek eta Gipuzkoako Ligan lehen postuetan egon nahi dutela.
Larunbatean Oñatin jokatu zuten Aloña Mendiren aurka. Lehen jardunaldian emaitza ona lortuta eta etxekoek erritmo baxuan jokatzeko nahia erakutsi izanagatik agian, baina lehen minutuetan Kirol Aukerakoek ez zuten ondoegi jokatu. Egia da oñatiarrak baino gehiago zirela erakutsi zutela, baina emandako sentsazioak ez ziren onenak. Aloña Mendikoek ez zuten lehen jardunaldian Zast-ek jasotako porrot antzerakoa jaso nahi eta defentsan saski azpian jarri ziren kanpoko jaurtiketak utziz, baina saskiratze errazak ekidinez. Hala ere, atsedenaldira 18 eta 43 emaitzarekin iritsi ziren, bi taldeen arteko maila ezberdintasuna agerian geratu zelarik.
Atsedenaldian aldageletan esandakoak eraginkortasuna izan zuen ISBko jokalariengan, hirugarren laurdenetik aurrera edukitako jarrera oso bestelakoa izan baitzen. Topera irten ziren kantxara, maila ezberdintasunak ahaztuz eta zuten onena erakusteko prest. 29 eta 0ko partziala eginda jadanik erabakita zegoen neurketa oraindik eta erabakiago utzi zuten. Azken laurdenean erritmoari eutsi zioten eta jokalari guztiek aprobetxatu nahi izan zuten gainera kantxa gainean emandako minutuak. Azkenean 29 eta 105. Emaitza potoloa da, baina oraindik ere, lantzeko gauza asko dituzte Kirol Aukera ISBkoek. Gainera hurrengo aurkariak (Añorga asteburu honetan eta Atco. San Sebastian hurrengoan) edadez nagusiagoak dira eta baita lehen fase honetan aurkituko dituzten aurkari zailenak ere seguruenik.
Saskiratzaileak: (12-26/6-17/2-29/9-33)
KIROL AUKERA ISB: Julen (3), Aimar(6), Iakes (2), Zubi (11), Ibai(2), Ivan(7), Mikel(0), Aitor (22), Luken(18), Alain (21), Asier (13).