Kanpoan irabazitakoa etxean galdu

img
Argazkia: Iraurgi SB

Azkoitia Azpeitia ISBk 56 eta 59 galdu zuen larunbatean Fundación 5+11 Baskoniaren bigarren taldearen aurka.

Azken bi jardunaldietan txukun jokatu eta gero, Azkoitia Azpeitia ISBko jokalariak lehen bi partiduetako akats berberetara bueltatu ziren larunbatean Fundación 5+11 Baskoniaren bigarren taldearen aurka jokatutako neurketan. Gasteiztarra ez da beste urte batzuetako gaztez osatutako taldea, maila hauetan gudu pila bat pasa dituzten jokalariz josia baitago eta neurketa trabatuetan primeran moldatzen direla erakutsi zuten beste behin.

Partiduko lehen hiru laurdenetan atzetik ibili ziren markagailuan une oro Iraurgikoak. Kanpotarren abantailak sekula ez ziren handiegiak izan, baina ezin aurre hartu ibiltze horrek, nolabaiteko prezipitaziora eraman zituen etxekoak. Gauzak azkar konpondu nahi izateak askotan okerrak burutzera eramaten du bat eta horrelako zerbait gertatu zitzaien Azkoitia Azpeitia ISBkoei. Baloi ugari galtzeaz gain hiruko marratik behin eta berriz ahalegindu ziren Alex Astigarragarenak, bataz besteko txarrak eduki arren beste baliabiderik existituko ez bailitzan moduan.

Beste behin defentsako lan ona burutu zuten eta hori goraipatzekoa da. Fundación 5+11 hirugarren kontrarioa da 60 puntutik bera lagatzen dutena, baina aspektu honetan ere badago zer hobetua, hiru aurkari horietatik birekin galtzen amaitu baitzen. Beraz, atzean agertzen den oldarkortasuna ere aurrean erakustea falta da orain, talde lanean oinarrituz, eta beti aukerarik onena bilatuz. Horretarako beste aukera bat izango dute Azkoitia Azpeitia ISBkoek asteburu honetan. Durangora joango dira Tabirakoren aurka lehiatzera. Bizkaitarrek ez dute orain arte neurketarik irabazi, baina sekula ez da erraza izaten Landako kiroldegian irabaztea. Beraz, lanean jarraitu beharra izango dute Iraurgikoek.

AZKOITIA AZPEITIA ISB: X.Aldalur (2), Josu Urbizu (7), X. Oroz (10), Jakes (11), Jabi Amenabar (4), Irulegi, Azkue (4), Unai Amenabar (4), Luis (2), Beñat Aldalur (8), Jokin Gurrutxaga eta Beñat Altzibar (4).