Garaipen berri bat denboraldiko partidu onenean

img
Argazkia: Iraurgi SB

Zurt Taberna ISBk lider jarraitzen du Universidad Deusto Loiola Indautxuri 65 eta 43 irabazi eta gero.

Zurt Taberna ISBk geldiezin jarraitzen du. Iraurgiko neskek edozeini aurre egiteko kapaz direla erakutsi dute beste behin eta bigarren sailkatuari eta seguruenik ligako talde sendoenetako bati, Universidad Deusto Loiola Indautxuri, sekulako jipoia eman zioten, seguruenik denboraldiko partidurik borobilena burutu eta gero. Azkoitiko kiroldegira gerturatu zirenek egundoko neurketaz disfrutatzeko aukera izan zuten.

Jakinda bizkaitarrak talde indartsua zirela, kanpotarren lehen hiruko saskiratzeari aurre egin eta defentsa benetan sendoa eginda, Loiola Indautxuren erasoa indargabetzea lortu zuten behin eta berriz etxekoek. Errebotea ondo itxita erasora azkar irteteko modua bilatu zuten eta ia gehienetan abantaila numerikoarekin iritsi ziren, saskiratze errazak lortuz. Laurden amaierara 20 eta 8 iritsi ziren. Bigarren laurdenean ere kanpokoen ezina nabaria izan zen, Zurtekoek abantailak horren ondo aprobetxatu ez arren zoragarri jokatzen baitzebiltzan, bai defentsan eta baita erasoan gerora ere. Atsedenaldian, jaun eta jabe ziren etxekoak, markagailuan 18 puntuko aldea zutelarik.

Ez zuten baina bizkaitarrek jipoituta irten denboraldiko ezustekoa den Zurt Taberna ISBren etxetik. Defentsa aldatu eta gehiago estututa, arazotan jarri zituzten gipuzkoarrak eta laurden hasieran 20 puntuko abantaila zena, hamarrean utzi zuten lau minutu pasata. Trabatuta zebiltzan Joseba Lizarralderenak, baina barruko jokalariekin jokatuz, laurdena salbatzeko irtenbidea topatu zuten eta arnas pixka bat hartzeko aukera izan zuten. Itolarria pasata azken laurdenean berriz bueltatu ziren Zurtekoak hasierako joko alaira. Erritmo bizia jarriz jokoari berriz ere aldea zabaltzen hasi ziren eta defentsa sendo eta kontraerasoetan oinarrituta 65 eta 43 irabazten amaitu zuten.

Bost lortuta, seigarrena jarraian eskuratzeko nahiarekin daude orain Zurt Taberna ISBko neskak. Datorren asteburuan beste aurkari zail bati egin beharko diote aurre baina: Irungo Erroibideren kantxan jokatu beharko dute. Irundarrek garaipen bakarra lortu dute orain arte, baina horrek ezin ditzake ISBko neskak despistatu, maila honetako talderik indartsuenetako bat baita.

Saskiratzaileak: (20-8/14-8/10-15/21-13)

ZURT TABERNA ISB: Garazi (9), E. Iturralde (8), Galdos, Ana (12), Irati (5), Intza Lizarazu (11), Berezi, Maite Lizarazu (6), Itsaso (14) eta Ane Goenaga