Ahazteko moduko neurketa

img
Argazkia: Iraurgi SB

Azkoitia Azpeitia ISBk 76 eta 60 galdu zuen Biok Zerbitzuak OKEren aurka, San Tomas egunean jokatu beharreko neurketa aurreratuan.

Bolada onean zegoen Azkoitia Azpeitia ISB, bazirudien gainera garaipenak batzen jarraitzeko bidea aurkituta zutela, baina asteburu honetan energiarik gabe, intentsitaterik gabe jokatu dute Ordizian eta berriz ere porrotaren bidera bueltatu dira. Berez, asteburu honetan jai zuten eta agian hortik dator gogogabetasuna, baina San Tomas jaiak ondo ospatu ahal izateko asteburu honetara aurreratu zuten neurketa. Kontuak kontu, goiko postuetan kokatuta jarraitu ahal izateko neurketa garrantzitsua galdu zuten Biok Zerbitzuak OKEren aurka eta lehenen artean jarraitu ahal izateko, hurrengo neurketetan kontrako aurpegia eman beharko dute.

Hasierako saltotik ikusi zen larunbatekoa ez zela egunik aproposena izango ISBkoentzat. Neurketa horretan jarrita zeuden ilusio guztiak zaborretara lehen minutuetatik bota zituzten. Jarrera epelarekin, etxekoen oldarkortasunaren aurrean guztiz gaindituta sentitu ziren. Etxekoek bikain aprobetxatu zuten egoera hau eta erasoan asmatu gabe geldituta ere, errebotera gogor jotzen zuten, guztira 17 erasoko errebote eskuratzen amaitu arte. Hori gutxi ez eta Alex Astigarragarenak erasoan ere galdu xamar ibili ziren, baloi pila bat galduz (21 neurketa guztian), horietako asko oso inozoak gainera.

Guztiz gaindituta hasieratik, azkenean 76 eta 60 galtzen amaitu zuten. Etxekoak, berez talde hobea ez izan arren, guztiz nagusi izan zirelako. Lehenbailehen ahazteko moduko neurketa, nahiz eta ikasteko balio behar duen, hurrengo neurketan, Azpeitiko kiroldegian, larunbatean 18:30tan, Tolosa lehen sailkatuaren aurka ezin baita jarrera berdinarekin kantxaratu.

Saskiratzaileak: Enaitz (4), Josu Urbizu (16), Jakes (4), Jabi Amenabar, Irulegi (7), Unai (7), Luis (11), Beñat Aldalur (5), Etxa (4), Jokin Gurrutxaga eta Beñat Altzibar (2).