Puntu askotara ere Zurt garaile

img
Argazkia: Zurt Taberna ISB

Zurt Taberna ISBk porrota ezagutu gabe jarraitzen du Gernika KESB-i iganean 69 eta 75 irabazi eta gero.

Azken partiduetan puntu gutxi sartu baina defentsako lan bikainari esker garaipenak batzen ibili badira ere, puntu askoko neurketetan garaile irteten ere badakitela erakutsi dute asteburu honetan Zurt Taberna ISBk. Ez zuten neurketa erraza Joseba Lizarralderenak, Gernika KESB goi aldean egongo den taldea izango delako eta etxetik kanpo jokatuta, beti izaten direlako gauzak zailago. Horri gehitu behar zaio liderrak lehen partidua galdu dezan, beste taldeek izaten duten gogoa. Hala eta guztiz ere, Zurteko neskek beste neurketa serio bat jokatu eta garaipenarekin itzuli ziren etxera, oraindik porrotik ezagutu gabe jarraituz.

Hala ere, neurketa hasieran hobeto ibili ziren etxekoak. Askoz zentratuago, aurreneko aldeak zabaldu zituzten markagailuan. Kosta egin zitzaien gipuzkoarrei esnatzea, baina egin orduko 7 eta 0ko partziala egin eta horri esker lehen laurdena bi puntu goitik amaitu zuten. Lehen laurdenaren amaierari segika, bigarrena ere bikain hasi zuten Zurtekoek. Defentsan bikain, errebotea ondo itxiz eta ahal zenean korrika eginez, hamabi puntuko aldea zabaltzera iritsi ziren. Gernikarrek ez zuten etsi, noski, eta kanpotarrak pixka bat erlaxatu zirela aprobetxatuz aldea murriztea lortu zuten, nahiz eta Intzak sartutako hiruko batek zazpi puntu goitik jarri zituen Joseba Lizarralderenak atsedenaldirako: 26-33.

Aldageletatik bueltan gauzak berriz ere okertu ziren. Gernikarrak gauzak zuzentzeko asmoz irten ziren eta euren gogortasunaren aurrean antzu agertu ziren Zurtekoak. 12 eta 4ko partziala eginda markagailuan aurretik jarri ziren. Zailena eginda zeukatela zirudien, baina gipuzkoarrak ez ziren egoerarekin kikildu eta berriro lanerako buzoa jantzita, defentsan sendo jarri eta kanpoko jaurtiketetan asmatzen hasita berriz alde egin zuten markagailuan. Azken laurdena ikusgarria izan zen bi taldeen partetik. Saskiratze asko ikusi ziren bai batzuen, zein besteen aldetik. Goian presioa eginez, baloiak lapurtu eta saskiratze errazak eginez, 16 puntuko aldea zabaldu zuten kanpotarrek. Gernikakoak azken aukerak bilatu zituzten kanpotik jaurtiz. Asmatu ere egin zuten behin eta berriz, baina ez zen nahikoa izan eta azkenerako garaipena Zurt Taberna ISBk lortu zuen: 69 eta 75.

2013a amaitzeko azken neurketa bat jokatuko dute Zurtekoek datorren larunbatean Portugaleteren aurka, San Tomas egunean Azpeitiko Kiroldegian, arratsaldeko 16:30tan. Plan ona, bazkari eder baten ostean eta parrandan hasi baino lehen, Zurt Taberna ISBko neskak animatzera joatea.

Saskiratzaileak: (10-12/16-21/16-17/27-25)

GERNIKA KESB: Ormaetxebarria,Goiriena, Gerendain (17), Camara (16), Omagogeaskoa, Esain, Mandaluniz(16), Arrien (5), Landazabal (4), Iruskieta (10), Totorikaguena

ZURT TABERNA ISB: Garazi (15), Eider Iturralde, Maite Galdos, Ana (13), Irati (4), Intza Lizarazu (18), Berezi (4), Maite Lizarazu (4), Itsaso (14) eta Ane Goenaga (3)