Beste bat poltsikora

img
Argazkia: Iraurgi SB

Zurt Taberna ISBk denboraldiko hamaikagarren garaipena batu du Portugaleteri 64 eta 39 irabazi eta gero.

Denboraldi honetan ez dute porrotik ezagutzen eta 2013ari agur esateko ere garaipen berri bat batu dute Zurt Taberna ISBko neskek. Hamaika neurketa jokatu dituzte dagoeneko eta guztietan lortu dute partidua irabaztea. Lehen itzulia amaitzeko bi neurketa besterik ez zaizkie gelditzen eta horietako bat, Donostia Basketen aurkakoa, oso gogorra izango bada ere,bestea printzipioz behintzat irabazteko modukoa da eta beraz, lehen postuan luzaroan jarraitzeko arazorik ez dutela izango aurreikusi daiteke, bigarren sailkatu den Tabirako Baqueri bi garaipeneko aldea ateratzen baitiete.

Lortutako azken garaipena Portugaleteren aurkakoa izan da. San Tomas egunean jokatzean ez zien mesede egin Iraurgiko neskei, ez behintzat partidu hasieran. Saskiratze oso errazak huts egin zituzten lehen minutu horietan eta defentsan ere, uste baino arazo gehiago izan zituzten, egin beharrekoa nahi bezain ondo egitea ezinezko bihurtuz. Hala eta guztiz ere, bi taldeen arteko aldea nabarmena zen eta bi puntu goitik amaitu zuten laurdena Zurtekoek. Ordutik aurrera gauzak pixkanaka hobetzen joan ziren. Lehenengo, defentsan egin zuten hobekuntza eta laurden guztian sei puntu besterik ez zituzten lortu bizkaitarrek. Baina erasoan arazo berdinekin jarraitu zituzten, puntuak ezin eskuratu ibili ziren, akatsak bata bestearen atzetik eginez. Hori horrela, 26 eta 19 iritsi ziren atsedenaldira eta bigarren zatian lan asko egin beharra zegoela jakinda joan ziren aldageletara.

Hirugarren laurdena ordea ez zuten ondoegi hasi. Portugaletekoak neurketa berdindu nahian oso indartsu irten ziren kantxara eta puntu bakarrera jarri ziren. Baina agian, egindako esfortzuagatik edo taktika aldatzeko nahia izan zutelako baina zonakako defentsan jarri ziren eta beraien aukeren akabera izan zen hori. Izan ere, bost hiruko segidan sartu zituzten etxekoek eta neurketa erabakita uzten hasi ziren. Hiruko horiek sartu izanak konfiantzaz bete zituen Zurtekoak eta defentsako lan onarekin jarraitzeaz gain, erasoan ere saskiratzeak erraztasunez eskuratzen hasi ziren. Azkenerako oso erraz lortu zuten garaipena, nahiz eta hasierako laurdenetan askotxo sufritu behar izan zuten. Azkenean 64 eta 39, hamaikagarren garaipena eta oporretara joateko modu hoberik ez. Orain merezitako atsedena hartuko dute Zurt Taberna ISBko neskek, urtarrilaren 11 arte ez baitute hurrengo neurketa jokatuko.

Saskiratzaileak: (15-13/11-6/19-11/19-9)

ZURT TABERNA ISB: Garazi (2), Eider Iturralde, Ana (12), Irati (7), Intza Lizarazu (12), Berezi (3), Maite Lizarazu (18), Eider Bereziartua, Itsaso (10)

PORTUGALETE: Nuñez, Arza (12), Incera, Fernandez, Santos, Nanclares (7), Martinez (11), Rollan, Puras (3), Fernandez, Rey (1), Meledre (5)