Denboraldiko lehen porrota

img
Argazkia: Iraurgi SB

Donosti Basketek merezita irabazi zuen 76 eta 46 Zurt Taberna ISBren aurka.

Beti ez dago irabazterik eta bolada onek amaiera izan ohi dute batzuetan. Denboraldiko neurketa guztiak irabazi eta gero, noizbait iritsi beharra zeukan porrotak eta hau hamabigarren jardunaldian iritsi zaio Zurt Taberna ISBri. Agian Gabonetako geldiuneak ez dio on egin taldeari, baina porrotak ere normaltasunez hartu behar dira eta behin galtzeak ezin du orain arte egindako lan bikaina ilundu.

Egia esan Donosti Basketek oso merezita lortu zuen garaipena larunbatean. Hiruko marratik izugarri asmatuta neurketa puskatzea lortu zuten eta azkenerako oso erraz amaitu zuten irabazten. Eta hori lehen laurdena benetan parekatua izan zela eta ikusteko oso polita. Etxekoek aldea zabaldu nahi izan zuten lehenbailehen eta hiruko marratik lortu zuten hori, baina Zurtekoen erreakzioa segituan iritsi zen eta markagailua parekatzea lortu zuten. Bigarren laurdenetik aurrera hasi ziren etxekoak markagailuan alde egiten. Eta hau hiruko marratik lortu zuten. Izan ere, minutu hauetan lortutako 22 puntuetatik 18 hirukoekin lortu zituzten. Atsedenaldira 42 eta 33.

Hirugarren laurdena izan zen ikusten zatarrena. Puntu gutxiago eta akats gehiago. Bai talde batetik eta baita bestetik ere. Lehen zatian sartzen zena ez zen bigarrenean sartu, baina hala ere, donostiarrak euren aldea handitzen segitu zuten eta gutxika-gutxika neurketa erabakitzen hasi ziren. Gehiago azken laurdena nolakoa izan zen ikusita. Ez baitzen kolorerik egon. Itsasok min hartu zuen eta ordura arte kanpotik lortu zituzten puntuak uztai azpian lortzen hasi ziren Donosti Basketekoak eta neurketa apurtzea lortu zuten. Besoak jaitsi gabe, Zurtekoek borrokan jarraitu nahi izan zuten, baina ez zuten asmatu saskira begira, ez zona barruan eta ezta kanpoko jaurtiketetan ere. Azkenerako 30 puntuko aldearekin irabazi zuten etxekoak: 76 eta 46. Agian, neurketak erakutsi zuen borrokak baino alde handiagoarekin. Orain lanean jarraitu besterik ez dago.

Saskiratzaileak: (20-20/22-13/12-8/22-5)

DONOSTI BASKET: Gabilondo (12), Toral, Mitxelena (12), Sagrado, Aldalur (6),Vera (6), Murillo (13), Leibar (9), Telleria (3), Vazquez (10), Olave (4)

ZURT TABERNA ISB: Garazi (7), Eider Iturralde (6), Naroa, Ana (13), Irati (2), Intza Lizarazu (2), Maite Lizarazu (11), Maitane, Itsaso (5),Ane Goenaga, Maite Galdos.