Euskadiko Selekzioen entrenamenduak

img
Argazkia: basketbasko.com

Mini mailako eta infantil mailako hautatzaileek Aste santuetan jokatuko diren Espainiako txapelketak prestatzen jarraitzen dute.

Geroz eta gutxiago falta da aurtengo Espainiako Mini eta Infantil mailako Saskibaloi Txapelketak jokatzeko. Aste santuetan jokatuko dira bi txapelketa hauek, lehena Mini mailakoa izango da, Apirilaren 12tik 16ra izango da San Fernandon, Cadizen. Mutilen Euskadiko Selekzioa A multzoan dago kokatuta eta bertan Andaluzia, Kanariak, Valentzia eta Kantabria izango ditu aurkari. Nesken selekzioa berriz D multzoan egongo da eta bertan Extremadura, Murtzia eta Gaztela-Mantxaren aurka jokatuko du.
Zita hau ahalik eta hobekien prestatzeko asmoz Euskal selekzioko hautatzaileek entrenamendu eguna hautatu dute datorren igandea. Bai mutilen eta baita nesken selekzioa ere Loiuko Urdaneta Ikastolan elkartuko dira goiz eta arratsalde entrenatzeko eta bertan egongo dira Iraurgiko harrobiko hiru jokalari: Ane Sudupe, Joseba Azpillaga eta Manex Ansorregi.
Infantil mailakoa Zaragozan
Txikienen txapelketa Cadizen jokatuko den moduan, Infantil mailakoa Zaragozan jokatuko da Apirilaren 16tik 19ra, Pazko Astean beraz. Bertan Euskadiko Selekzioak A multzoan jokatuko dute. Mutilek Madril, Kanariak, Gaztela-Leon eta Extremadura izango dituzte aurkari. Neskek berriz, Madril, Gaztela-Leon, Extremadura eta Nafarroa.
Maila honetako Euskal Selekzioko hautatzaileek ere ahalik eta hobekien prestatzen saiatzen dabiltza, noski eta hauek ere entrenamenduak egiten pasako dute igandea. Mutilek, Durangoko Landako kiroldegian jokatuko dute lagunartekoa goizean, eta bazkal osteko saioa Eibarko Unibertsitate Laboralean burutuko dute. Bertan egongo da Iraurgi SBko Shyam Azpiazu.
Neskei dagokienez, goiz eta arratsalde entrenatuko dute Gasteizko Samaniego Ikastolan eta Iraurgi SBko harrobiko jokalari Ana Ugarte eta Ainhoa Zuazolazigorraga izan dira deituak bertan egoteko.