Euskadiko Kimuak Mirandara

img
Argazkia: basketbasko.com

Espainiako Txapelketa prestatzeko asmotan asteburuan lagun arteko Torneo bat jokatuko dute Miranda de Ebron.

Azken asteetan maiz aipatu dugun moduan, Espainiako Kimu edo Mini mailako Saskibaloi Txapelketa Aste santuetan jokatuko da eta Euskadiko Selekzioa iazko txapelketa ona hobetzeko nahiarekin ari da lanean. Horretarako ia astebururo elkartu dira azken hilabeteetan entrenamendu saioak eta lagun arteko partiduak jokatzeko. Oraingo asteburu honetan ere lana gogotik egin beharko dute jokalariek, baina berezia izango da lan hori, Miranda de Ebron jokatuko den Torneo batean hartuko baitute parte. Bertan, mutil zein neskek, Galiziako selekzioa, Madril eta Gaztela-Leon edukiko dituzte aurkari. Larunbat arratsaldean Gasteizen elkartuko dira Mirandara joateko eta bertan egongo dira igande arratsaldean jokatuko duten partidua amaitu arte. Torneo honetan parte hartuko dute Iraurgi SBko Manex Ansorregik, Joseba Azpillagak eta Ane Sudupek.
Infantilak Euskadirekin eta Kimu txikiak Gipuzkoarekin
Infantil mailako Euskal Selekzioak ere lanean jarraituko du asteburu honetan. Igande honetan berriz ere goiz eta arratsalde entrenatuko dute. Mutilek Loiuko Urdaneta Ikastolan egingo dute elkarretaratzea eta neskek Gasteizko Samaniego Ikastolan. Eta azken deialdietan gertatu den modura, oraingoan ere Euskal Selekzioaren entrenamendu hauetan egongo dira Shyam Azpiazu, Ana Ugarte eta Ainhoa Zuazolazigorriaga Iraurgi SBko harrobiaren partetik.
Bien bitartean Kimu mailako txikienak Gipuzkoako Selekzioaren deialdia jaso dute asteburu honetan entrenamendu bat burutzeko. Saio hau igandean izango da arratsaldeko 17:30tan Donostiako Manteo kiroldegian eta Iraurgi SBtik hainbat jokalari joango dira bertara:
- Neskak: June Zubiaurre, Maitane Goenaga, Judith Beristain eta Edurne Bastida.
- Mutilak: Eneko Caballero, Jokin Errazu, Iker Larrañaga eta Jakes Odriozola.