Infantil eta alebin mailako Euskal Selekzioak, prestaketako azken fasean

img
Argazkia: Basketbasko.com

Igande honetan ere beste lan saio bat izango dute Espainiako Txapelketarako prestakuntza moduan.

Infantil eta alebin mailako Euskal Selekzioak Espainiako Txapelketak prestatzeko lanen azken fasean aurkitzen dira. Izan ere, Infantil mailako Txapelketa apirilaren 16tik 19ra jokatuko da eta alebin mailakoa 12tik 16ra. Hori dela eta, igande honetan ere, kontzentrazioak burutuko dituzte entrenamendu saio gogorrak egiteko. Goiz eta arratsalde egingo dute lan eta aurreko asteetan bezala Iraurgi SBko hainbat jokalari daude hautatzaileen deialdietan.
Infantil mailan Shyam Azpiazu alde batetik eta Ana Ugarte eta Ainhoa Zuazolazigorriaga bestetik izan dira deituak. Mutilen kasuan goizean lagunarteko neurketa jokatuko dute Durangoko Jesuita Eskolan eta bazkaldu ondoren Eibarko Unibertsitate Laboralera joko dute bertan entrenamendu saioa egiteko. Nesken kasuan berriz, Gasteizko Samaniego Eskolan izango dute zita eta bai goizean eta baita arratsaldean ere entrenamenduak edukiko dituzte.
Alebin mailari dagokionez, Joseba Azpillaga, Manex Ansorregi eta Ane Sudupe sartu dituzte deialdietan hautatzaileek. Bai batzuek eta baita besteek ere Loiuko Urdaneta Ikastolan izango dute zita, nahiz eta mutilak ordu eta erdi lehenago hasiko diren goizean entrenatzen.
Mini mailakoak Gipuzkoako Selekzioarekin
Batzuek Euskadiko Selekzioarekin lan egin beharko duten moduan, txikienek Gipuzkoa Selekzioaren deialdia jaso dute igande arratsaldean Donostiako Manteo kiroldegian lan saioa egiteko. Iraurgi SBtik deituak hauek dira:
- Mutilak: Eneko Caballero, Jokin Errazu, Iker Larrañaga eta Jakes Odriozola.
- Neskak: June Zubizaurre, Maitane Goenaga, Judith Beristain eta Edurne Bastida.