XI. 3x3 saskibaloi txapelketa Azkoitiko Enparantza Nagusian

img
Argazkia: Iraurgi SB

62 taldek hartuko dute parte guztira larunbat honetan egingo den aurtengo edizioan, Benjamin eta Alebin mailetan banatuta, goizeko 09:00tatik aurrera.

Beste urtebetez Iraurgi SBk txikienekin 3x3 saskibaloi txapelketa antolatu du Azkoitiko Plazan, eta dagoeneko hamaika dira ekitaldiak. Iaz egin zen antzera, ekaineko lehen egunak aprobetxatu nahi izan dira txapelketa jokatzeko, eta Azkoitiko kaleak, benjamin eta alebin mailako neska-mutikoz beteko dira; guztiak ere, ahalik eta saskiratze gehien lortu eta txapelketan partidu gehiago jokatzeko asmoarekin.
Enparantza nagusia 6 kantxa desberdinetan banatuta egongo da eta guztira 62 taldek hartuko dute parte bertan, goizeko bederatzietatik aurrera. Txapelketa honen arrakasta argia da, urtero-urtero hazten baitoa. Orain bi urte 44 talde izan baziren parte hartu zutenak, iaz 51 izan ziren eta aurten 11 gehiago: alebin mailan 16 mutil talde eta 12 neska talde; eta benjaminetan 24 mutil talde eta 10 talde neskena. Txapelketa larunbat honetako goizeko bederatzietan hasiko da eta eguerdia bitartean, saskiratzeak, paseak eta animoak izango dira nagusi.Neurketa bakoitzak 15 minutuko iraupena izango du eta jokalariek bost minutuko atsedena izango dute partidutik partidura. Lehendabiziko finalak eguerdiko 13:30tan jokatuko dira: alebin mutilena eta benjamin neskena hain zuzen ere. Beste bi finalak, ordu laurden beranduago izango dira.
Gozatu eta zorte on guztiei!!

- 3x3 ORDUTEGIA - copia.pdf