Denboraldiko lehen porrota Errotaundirentzat

img
Argazkia: Iraurgi SB

Bi aldiz erreakzionatu eta partiduan sartu arren, ezin izan zion Hernani K.E.ri irabazi.

Errotaundi ISBek denboraldiko lehen partidua galdu zuen Hernani K.E.ren aurka, pasa den larunbatean Hernanin. Bi aldiz partiduari buelta ematen saiatu zen arren, ezinezkoa izan zitzaien eta 50 eta 44 amaitu zen partidua.

Hasieratik maldan gora jarri zitzaien partidua “Panadero”ei. Erasoan urduritasuna nagusi zen eta ideiarik ez zuten aurkitzen. Pixkanaka etxeko taldea lehen diferentziak zabaltzen hasi zen. 13 eta 2 ko partziala sartu zien Hernanikoek azpeitiarrei eta desberdintasun hori erabakigarria izan zen partidu amaieran. Lehen laurdena 18 eta 6 amaitu zen.

Bigarren laurdenaren hasieran Iraurgikoen erreakzioa etorri zen. Defentsako intentsitatea igo zuten, eta horri esker, saskiratze errazak lortu zituzten, markagailuko aldea murriztuz. Egia esan behar bada, larunbatekoa defentsako partidua izan zen, eta atakeek ezin izan zieten aurrea hartu defentsei. Atsedenaldian 25 eta 24 zioen markagailuak eta partidua irekita uzten zuen.

Aldageletako bueltak ez zien on egin gure mutilei, eta lehen laurdena txarra izan bazen hirugarrena oso antzekoa izan zen. Hutsegite gehiegi kanasta aurrean, eta defentsako orduan errebotea ixteko zailtasunak. Etxekoek hori aprobetxatuz, 14 puntuko aldea ireki zuten laurdena amaitzeko minutu bat falta zenean (43 – 29 29.minutuan). Errotaundiko mutilek lan gogotik egin beharko zutela ikusi zuten horri buelta emateko.

Hirugarren laurdena lehenaren antzekoa izan zela esan dugun moduan, gauza berbera pasa zen laugarren eta bigarren laurdenarekin. Eta bigarrengoan legez, erreakzioa iritsi zen laugarrengoan ere. 11 eta 2ko partzial bati esker Errotaundi ISB puntu batera gerturatu zen (45-44 37. minutuan). Baina, zorigaitzez, hor amaitu ziren Panaderoen indarrak. Hortik aurrera ezin izan zuten beste punturik lortu eta azken jaurtiketa libreak asmatuta, 50 eta 44 irabazi zuen Hernaniko taldeak.