Garaipen garrantzitsua ligako talderik gogorrenetako baten aurka

img
Maite Lizarazu erasoan. (Argazkia: Iraurgi SB)

Zurt taberna ISBek 60 eta 49 irabazi zion Megacalzado Ardoi talde nafarrari pasa den larunbatean. Gaizki hasi ziren arren, buelta eman eta partidua sufrimendurik gabe irabazi zuten.

Zurt Taberna ISBek ligako bigarren garaipena lortu zuen pasa den larunbatean Azkoitiko kiroldegian. Partidu zaila espero zuten Iraurgiko neskek, aurrean zuten Megacalzado Ardoi talde nafarra ligako talderik gogorrenetako bat baita. Indartsu egin zuen lan Zurt taldeak eta 60 eta 49 irabazi zuen.

Partidua ez zuen oso ondo hasi Zurt ISB taldeak. Nafarrek ideia garbiagoekin jokatu zuten aurreneko minutu horietan, eta partidako lehen abantailak lortu zituzten. Pixkanaka Zurteko neskak hobeto jokatzen hasi ziren eta aldea murriztea lortu zuten. Aurreneko laurdena bi puntu azpitik amaitu zuten: 14 eta 16.

Bigarren laurdena guztiz desberdina izan zen. Laurden hasera honetan Naroa Uriak hartu zuen saskiratzeko ardura eta jarraian sartutako zazpi punturekin, Zurtekoek aurretik jartzea lortu zuten partidan aurreneko aldiz. Erritmo biziz jokatuz eta defentsako lan bikainari esker, nafarrek bost puntu bakarrik lortu zituzten laurden honetan eta aldea handitzen joan ziren gure neskak. Azkenean, hamar puntutako abantailarekin amaitu zuten bigarren laurdena (31-21).

Hirugarren laurdena ere bikain hasi zuten Zurteko neskek. Errebotea itxiz eta kontraeraso bikainak eginez, hamazortzi puntuko aldea izatea lortu zuten. Partida guztiz kontrolatuta izan zuten, eta laurden amaierara hamalau puntutako aldearekin iritsi ziren.

Azkeneko laurdena, hirugarrenaren ildo beretik hasi zen, Zurtekoak partida kontrolpean, tartean jokaldi bikainak eginez. Baina laurden erdialdera iritsi zen gure nesken beherakada. Baloi errazak galduz aukera bikainak eskaini zizkieten Ardoiko jokalariei, eta bi eta hamahiruko partzial bati esker, zazpi puntutara gerturatu ziren Nafarrak. Hala ere, beranduegi zen eta partidua irabazita zeukaten jada. Azkenean hamaika puntuko aldeaz amaitu zuen partidu.

Datorren astean oso partida gogorra jokatu dute Zurteko neskek, Portugaleteren kantxan. Lan bikaina egin beharko dute garaipena lortzea nahi badute.

Partzialak: 14-16, 17-5, 14-10, 15-18

ZURT TABERNA ISB
Garazi Arregi(11), Maite Lizarazu (11), Naroa Uria (12), Eider Bereziartua(2), Maite Zubizarreta (9), Intza Lizarazu (5), Itsaso Astigarraga(6), Ane Goenaga (2), Aitziber Besga eta Ainhoa Bereziartua (2)

MEGACALZADO ARDOI
Martinez (11), Perez, Misiego, Santesteban (16), Gil (2), Lizdain, Celayeta (11), Astrain (2), Idoate (2), Arregi, Satrustegi (2), Ariz (3).