Partidu txarretan ere irabazten daki Glual Hydraulics ISBek

img
Argazkia: Iraurgi SB

53 eta 51 irabazi zion Unamuno taldeari eta, garaipen horrekin, hirugarren posizioa eskuratu du.

Pasa den larunbatean, urriaren 25ean, Glual Hydraulics ISBek Unamuno taldearen aurka jokatu zuen Azkoitiko kiroldegian. Garaipena eskuratu zuen eta hirugarren posizioan finkatu da taldea. Partidu zaila espero zuten etxeko mutilek eta horrelaxe izan zen, 53 eta 51 irabazi zuen ISBk. Hala ere, entrenatzailearen, Ander Arrutiren, hitzetan “orain arte jokatutako partidu eskasenetakoa” izan zen.

Makal hasi zuten partidua etxekoek, saskitik gertu huts askorekin eta defentsan hasierako nerbioak zirela eta partiduari neurria hartu ezinik. Denborak aurrera egin ahala, ordea, itxura hobea eskaintzen hasi zen taldea eta laurdena 15 eta 13 aurretik amaitu zuen.

Bigarren laurdena, berriz, taldeak orain arte jokatu duen laurdenik txarrena izan da. Zati osoan 3 puntu bakarrik sartu ahal izan zituen Glualek eta defentsan intentsitaterik gabe aritu zen. Aurkariek hori aprobetxatuz, partiduari erritmo bizia ipini zieten eta kontraeraso azkarra egin zituen. Atsedenaldia iristean markagailuak 18 eta 27 adierazten zuen.

Aldageletatik itzultzean etxekoen jokoak itxura aldaketa handia izan zuen. Defentsako lan bikainetik hasita, taldeak partiduari beste martxa bat sartu nahi izan zion eta gauzak guztiz ongi egin ez bazituen ere markagailuan aurretik jartzea lortu zuen 34-33. Aurre hartzeak, ordea, erlaxazio puntu bat ekarri zion Arrutiren taldeari eta Bilboko taldeak berriro abantaila txiki bat lortu zuen: 34 eta 39.

Azken laurdenean etxeko taldeak garbi zuen garaipena lortzeko bidea lan egitea zela, eta horretan hasi ziren. Oso serio hasi zuten laurdena eta 18 eta 6ko partziala lortu zuten. Partidua guztiz alde jarri zitzaien Glualeko mutilei, baina erraz irabaziko zutela zirudienean bilbotarren erreakzioa iritsi zen eta puntu batera gerturatu ziren. Hotz mantendu ziren Iraurgiko mutilak eta jaurtiketa libreak asmatuz eta erasoko erreboteak kontrolatuz garaipena eskuratu zuten: 53 eta 51.

Hurrengo partidua azaroaren 9an izango da, Donostiko Cafes Aitona Askatuak taldearen aurka 12:00etan Bidebieta kiroldegian.

SASKIRATZAILEAK

GLUAL HYDRAULICS ISB 53 (15+3+16+19)
Merketegi (6), Lur (22), Iker (0), Xuban (0), Elorza (0), Amets (7), Oteiza (0), Astiarraga (12), Jon Ander (0), Xabi (3), Zabarte (3) eta Aritz (0).

UNAMUNO 51 (13+14+12+12)
Ojanguren (0), Bilbao (0), Manjon (8), Beaskoetxea (7), Santana (10), Huebra (5), Izcara (2), Chavarri (9), Oleaga (-), Pereda (5), Gonzalez de Langarica (7) eta Mena (0)