Iraurgiko hainbat jokalarik Euskadiko Txapelketak jokatuko ditu asteburuan

img
Infantilen selekzioak. (Argazkiak: FGbaloncesto)

Infantil eta kadete mailako neska mutilek jokatuko dituzte txapelketak. Junior mailakoek, aldiz, lehen entrenamenduak izango dituzte abenduan jokatuko duten Txapelketa prestatzeko.

Asteburu honetan Iraurgi klubeko hainbat jokalarik Euskadiko txapelketa jokatuko du, Gipuzkoako selekzioarekin. Infantil eta kadete mailako neska mutilen txanda izango da oraingo honetan, eta Beasainen eta Zornotzan jokatuko dute. Lau txapelketak gaur hasiko dira, eta lauretan gipuzkoarrek bizkaitarren aurka jokatuko dute.

Infantilen txapelketa Zornotzan izango da, gaurtik hasi eta igandera arte. Gure neska mutilek gaur jokatuko dute lehen partidua bizkaitarren aurka, neskek 17:30ean eta mutilek 19:30ean. Arabako taldearen aurka larunbatean jokatuko dute gizonezkoek 10:00etan eta emakumeek 12:00etan. Igandean Bizkaiko eta Arabako taldeek jokatuko dute elkarren aurka: 10:00etan neskak eta 12:00etan mutilak. Iraurgitik Garikoitz Olazabal izango da mutilen Gipuzkoako selekzioan eta nesken taldean, aldiz, talde erdia izango da gure klubekoa: Maite Merketegi, Alazne Lizundia, Nerea Soraluze, Alaitz Ezama, Miren Ezama eta Maria Otaegi.

Kadeteen txapelketa Beasainen jokatuko da eta hori ere gaurtik igandera arte izango dira. Kadeteen ordutegia infantilen berbera izango da gaurko egunean: neskak 17:30ean eta mutilak 19:30ean. Aurkaria ere berbera izango da gaur, Bizkaiko selekzioa. Bigarren jardunaldia, ordea, igandean jokatuko dute Gipuzkoako kadeteek: 10:00etan gizonek eta 12:00etan emakumeek. Larunbatean, arabatarrak eta bizkaitarrak jokatuko dute, 9:45ean neskek eta 11:45ean mutilek. Bi talde horietan ere Iraurgiko jokalariak ditugu. Nesketan Larraitz Larrañaga, Izaro Lizundia eta Amaia Loiola arituko dira, eta mutiletan Aimar Olaizola eta Asier Larrañaga.

Bestalde, Junior mailako neska mutilak ere entrenatzen hasiko dira igande honetan. Horien txapelketa abenduan izango da, eta horretarako prestaketak hasiko dituzte asteburuan. Horregatik, aurre selekzio bat egin dute eta bertan hainbat Iraurgiko jokalari deitu dute. Emakumeetan Ainhoa Bereziartua, Oihane Aizpurua, Maite Galdos, Eneritz Larrañaga eta Maitane Dominguez arituko dira, eta Zarautzen entrenatuko dute 15:30ean. Mutiletan berriz, Ander Merketegiri, Lur Goenagari, Amets Amubietari, Aitor Astigarragari eta Jon Zabarteri deitu diote 17:30ean Donostiako Manteo kiroldegian entrenatzeko.

Zorionak eta zorte on guztioi!