Errotaundik Santo Tomas Lizeoaren garaiezintasunarekin amaitu du eta sailkapeneko aurreko taldera gerturatu da

img
Argazkia: Javier Zurbano.

65 eta 54 irabazi zuen, partiduari buelta eman ostean.

Errotaundi ISBk Santo Tomas Lizeoa liderrari irabazi zion pasa den larunbatean Azpeitiko kiroldegian. 65 eta 54 irabazita, David Rodriguezen mutilek liderraren garaiezintasunarekin amaitu zuten eta sailkapeneko lehen postuetara gerturatu da.

Partidua ez zen ondo hasi etxeko taldearentzat. Errotaundikoek errespetu gehiegiz begiratzen zioten aurkariei eta azken hauek, erraztasunez lortzen zituzten saskiratzeak. Erasoan, berriz, urduritasunak hutsegiteak eginarazten zizkien azpeitiarrei. Horrela, donostiarrek 12 puntuko abantaila ireki zuten laurden amaieran, 9 eta 21.

Bigarren laurdeneko lehen minutuak aurrekoaren antzekoak izan ziren. Hala ere, erasoan sartzen hasi ziren Iraurgiko mutilak eta intentsitatea ipini zioten jokoari. Orduan, iritsi zen etxeko taldearen erreakzioa eta 10-0ko partzialarekin berriro partiduan sartu ziren (26 eta 28 16. minutuan). Gainontzeko laurdena hutsegite eta asmatze trukea izan zen bi taldeen artetik. Azken minutuan, baina, gure
taldeak bi akziotan huts egin eta Lizeoko mutilak aurretik amaitu zuten bigarren laurdena: 33 eta 37.

Atsedenaldi ostean, Errotaundi ISB partidua irabaztera irten zen. Defentsa asko gogortu zuten eta horri esker kanpoko taldeak hiru saskiratze bakarrik eskuratu zituen jokoan laurden horretan. Hori gutxi zela eta, laugarren laurdenean oraindik eta gehiago estutu zuten eta saskiratze batean utzi zuten Donostiako taldea azken laurdenean. Gainontzeko puntuak jaurtiketa libreetan egin zituzten Santo Tomasekoek. Iraurgikoek erasoan gehiegi asmatu ez zuten arren, jarraipena eman ahal izan zien jokoari eta horrela partidu amaierako emaitzara iritsi ziren: 65 eta 54.

Hurrengo jardunaldian Errotaundi ISBk Bosteko Irauli taldearen aurka jokatuko du datorren larunbatean Paco Yoldi kiroldegian. Partidua 20:00etan izango da.