Batzar “arrakastatsua” ospatu zuen atzo Iraurgi SBk

img
Klubeko zuzendaritza taldea eta lan talde desberdinak osatzen dituzten pertsonak.

Sammic lehen taldearen babesle berria, lehendakari-zuzendaritza taldearen aukeraketa eta klubaren lan egiteko metodologia berria izan ziren hitz egindako puntu garrantzitsuenak.

Atzo, asteazkena, Iraurgi Saski Baloi klubak urteroko batzar nagusia ospatu zuen Soreasu Antzokian. 118 bazkide, guraso eta jarraitzaile gerturatu ziren bertara, eta batzar “arrakastatsutzat” jo dute klubeko ordezkariek. Bertan, taldearen hainbat puntu landu ziren.

Gai garrantzitsuenetarikoa Sammic-en babes berria izan zen. Babesle horri esker, iazko presupuestoarekin alderatuta, aurtengoan diru kopuru gehiago izango du klubak. Horrekin lotuta, iazko denboraldiaren balantze ekonomikoa egin zen eta klubak zenbaki negatiboetan irten izanagatik ere, ISBk aurrera egiteko gaitasuna izan duela adierazi zuten. Aurtengoari begira, Sammicek laguntza handia ematen duen arren, babesle berriak bilatzen jarraitzen dutela esan zuten eta babes hori egiteko modu berriak bilatzen ari direla.

Zuzendaritza berriaren aukeraketa eta klubaren lan egiteko metodologia berria izan zen beste puntu inportantea. Klubaren historian lehen aldiz, lehendakaria eta zuzendaritza taldea hautatzeko hauteskundeak egin dituzte ISBn. Azaroaren 1ean ireki zuten hautagaitzak aurkezteko epea eta hilaren 10ean itxi zuten. Hautagaitza bat bakarra aurkeztu zenez berau aldarrikatu zen botaziorik egin gabe. Beraz, ondoko zuzendaritza taldea izango da agintean hurrengo lau urteetan: Lehendakaria, Maier Lizaso; lehendakari ordea, Iñaki Aldanondo; diruzaina, Jose Miguel Echaniz; idazkaria, Stephanie Thurman; eta bozeramailea, Aritz Aldalur.

Horri lotuta, eta Iraurgi SB sartuta dagoen 3K-kirol erakundeen kudeaketa hobetzeko proiektuarekin lotuta, klubak lan egiteko metodologia berria dauka. Klubeko arlo guztiak landuta izateko hainbat lan talde osatu dituzte eta bost lagun horiek osatzen duten zuzendaritza taldearekin elkarlanean arituko da talde bakoitza. Lan taldeak kirol arloan edo alor ekonomikoan banatuta daude. Lehenengoan, talde teknikoa, teknifikazioko taldea, eskola kirola, etab. aurkitzen dira, bigarrena, berriz, jarduerak antolatzeko taldea eta publizitatea edo ekonomikoak osatzen dute . Horma gainean izan ziren lan talde horietako ordezkariak.

Horrez gain, iazko denboraldi onaren kirol balantzea egin zen, gogoratuz Kadete mailako neskek, Gerdau taldeak, lortu zutena. Etxeko taldea Espainiako Azpi-txapeldun izan zen eta lortutakoarengatik Gipuzkoa Kirolak 2014 saria jasotzeko hautagaietako bat da. Kadeteez gain, klubeko beste hainbat ekipok ere lorpen handiak egin zituen eta horregatik urte historikoa izan zela azpimarratu dute. Horrekin batera, aurtengo ekipo guztiak aipatu ziren eta teknifikazioan apuntatu berri diren haurren kopuru altuak eman zituzten. Bestetik, infantil mailarako aurten ekarri duten proposamena aipatu zuten. Aurten, lehenengo aldiz, errendimenduko eta partaidetzako taldeetan banatu dituzte neska mutilak. Horrela, jokalari bakoitzak bere mailan jokatzeko aukera izango du eta errazagoa izango da jokalari bakoitzaren hazte prozesua lantzea.

Amaitzeko, Iraurgi Saski Baloi klubak eskerrak eman nahi izan zizkien klubari laguntzen dieten babesle guztiei, baita batzarrera eta beharrezko jardueretara gerturatzen diren guraso eta jarraitzaile guztiei, eta nola ez, kluba posible egiten duten entrenatzaile eta lan taldeetako pertsona guztiei. Iñaki Uria lehendakari ohiak ere hitz batzuk egin zituen eta agintea pasa zion Maier Lizaso lehendakari berriari.