Iraurgi Saski Baloi klubetik ere Azpeitiko turismoa sustatu nahi dugu

img
Azpeitiko eta Manresako ordezkariak.

Inaziotar bidearekin bat egin dugu bideko komunitate guztiekin harremanak sendotu eta saskibaloiaren bitartez Azpeitiko herria ezagutzera eramateko.

Iraurgi Saski Baloi klubetik kirol elkarte bat baino gehiago izateko helburua daukagu. Hori horrela gizartearekiko eta Azpeitiarekiko dugun erantzukizuna bete nahi dugu. Beraz, herrigintzan gure alea jartzeko asmoz, ahalegina egiten ari gara Azpeitiko turismoari bultzada bat emateko.

Azken urteetan herriko saskibaloian egin dugun lanak bere fruituak eman ditu eta Espainia mailan ezagun bihurtu da Azpeitia. Sammic ISB taldearen lan onari esker edota Gerdau Azkoitia ISB Espainiako Azpitxapeldun izateak adibidez izena eman dio klubari eta aldi berean, Azpeitiari. Ziur gaude hori turismoarekin lotuz gero aukera ona izango litzatekeela Azpeitiko herriari bultzada ekonomiko bat emateko. Horren baitan, Inaziotar Bidea, Azpeitian hasi eta Manresan amaitzen den bidea, indartzeko helburua hartu dugu Iraurgi SBn. Horretarako, bidea osatzen duten bost komunitateen arteko harremanak sendotzeko pausuak ematen ari gara taldeko ordezkariak.

Pasa den hilean, Manresara bidaiatu zuten Azpeitiko hainbat ordezkarik: Azpeitiko alkatea Eneko Etxeberria, Mikel Ibartzabal Kontzejala, Diputaziko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak etab. Horien artean aurkitzen ziren gure klubeko Maier Lizaso lehendakaria eta Jose Luis Zubizarreta Xubi ere.Manresan, izugarrizko ilusioz eta itxaropenez jaso zituzten bertako ordezkari nagusiek gureak eta ongi etorri handia egin zien. Bertan, Inaziotar bidearen gaurko errealitateari buruz jardun zuten eta elkarlana errazteko bideak aurkitu zituzten. Bide horietako bat, dudarik gabe, saskibaloia da bai Manresan eta baita Azpeitian ere garrantzi handia baitu. Horrez gain, bidea pasatzen den gainontzeko komunitateetan (Errioxa, Nafarroa eta Aragoi) ere saskibaloia indar sozial askoko jarduera da. Horregatik, hainbat ekimen antolatzen ari dira bost komunitateak lotuta saskibaloia eta turismoa sustatzeko.

Horrez gain, Sammic ISBk etxean jokatzen duen hileko lehen partiduan Inaziotar bideko hiri batera bidaia zozketatzen dugu. Era horretan, Iraurgiko jarraitzaileen artean ere bide hori ezagutarazi nahi dugu eta bideko hainbat leku bisitatzeko aukera eman nahi diegu.